Eusko Legebiltzarrerako bozak

Maddalen Iriarte: "Herri honek ezin du aurrera egin Espainiaren barruan"

Lan politikorako gogotsu dagoela esan du Iriartek, bere hautagaitza aurkezteko agerraldian. Arnaldo Otegik dio bete egingo duela Konstituzionalaren erabakia, baina ziur agertu da hautagai izango dela.

Maddalen Iriarte eta Arnaldo Otegi, larunbatean, Donostiako Piraten txupinazoan, Aste Nagusian. IñIGO URIZ, ARGAZKI PRESS
2016ko abuztuaren 16a
08:48
Entzun

Bihar hasiko da Eusko Legebiltzarrerako irailaren 25eko hauteskundeetarako hautagaitzak aurkezteko epea. EH Bilduk gaur aurkeztu du Maddalen Iriarte, Gipuzkoako zerrendako bigarrena. Hautagai izatea "ohorea" dela esan du Iriartek, eta "pasioz" egingo duela lan politikoa: "Herritarrentzat eta, batez ere, herritarrekin". Donostiako Miramar jauregian aurkeztu du bere hautagaitza, Arnaldo Otegi koalizioaren lehendakarigaiarekin batera egin duen agerraldian.

Iriartek azaldu du prozesu subiranista abian jarri beharra dagoela "hobeto bizi ahal izateko": "Herri honek ezin du aurrera egin Espainiaren barruan". 

Bizikidetzaren aldeko mezua ere eman du: "Eremu bat behar dugu biktima guztien egia, justizia eta erreparaziorako".

Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna ere helburuen artean duela azaldu du: "Gizarte bat ez da demokratikoa gizon eta emakumeen berdintasunean urratsak egiten ez baditu". Hala, esan du lan egingo duela gizarte "justuago" bat lortzeko.

Otegi: "Alde dut Auzitegi Nazionalaren, Gorenaren eta Konstituzionalaren jurisprudentzia"

Arnaldo Otegi da EH Bilduren lehendakarigaia, baina eztabaida sortu da azkenaldian, kargu publiko bat izateko debekua dela-eta, utziko dioten edo ez. Otegik, ordea, ez du zalantzarik, gaur Espainiako SER irrati katean egin dioten elkarrizketan azaldu duenez: esan du "normaltasun demokratikoz" EH Bilduren zerrendaburu izango dela, eta gaineratu du hori ez dela probokazio bat. "Eztabaidak ez du zentzurik arlo juridikoan".

Otegik esan du zerrenda prest dutenean aurkeztuko dituela EH Bilduk hauteskundeetarako zerrendak. Hain zuzen, koalizioak Iriarte ETBko aurkezlea presentatu du gaur, Gipuzkoako zerrendan bigarren postuan egongo baita. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileari erantzunez, Otegik esan du bat egiten duela harekin, garrantzitsuena ez dela Otegiri aurkezten uzten dioten edo ez: "Demokrazia bai, edo demokrazia ez: hori da arazoa".

Espainiako Justizia ministroari ere erantzun dio Otegik, eta kezka azaldu: "XXI. mendean hedabide publikoetan inhabilitazioak nahieran mahai gainean jartzen dituzten Justizia ministroak egotea, hori benetan aurreratu gabe dagoen demokrazia eredu bati dagokio". Adierazi du, gainera, bere ustez, Turkiak Espainiako Alderdien Legea kopiatu zuela, eta, demokrazia bai edo demokrazia ez eztabaidan, "batzuk" turkiar erako erantzunetik ez direla mugitzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.