Madrazoren aldeko EBko ildoak ez du parte hartuko azaroko bozetan

Kontseilu Politikoak hilaren 27an egingo duen ezohiko bileran erabakiko dute noren aldeko botoa eskatu

Erredakzioa
Bilbo
2011ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Javier Madrazo Ezker Batuko koordinatzaile ohiaren inguruan bildutako ildoak azaroaren 20ko hauteskundeetara ez aurkeztea erabaki du. Egun Jose Navas buru duen eta legalki Ezker Batua izenaren jabetza duen ildo kritikoak, akordioa proposatu zion EBko beste korronteari; Mikel Arana legebiltzarkidea buru duen eta EB izena galduta hauteskundeetara Ezker Anitza-IU-Los Verdes deiturarekin aurkeztuko den ildoari. Orain arte EBko buru izan den Aranaren ildoak, ordea, ezezkoa eman zien Madrazoren aldekoei. Ondorioz, ez dira aurkeztuko bozetara.

Astelehen gauean hartu zuten erabakia Madrazoren aldeko Ezker Batukoek. Navasek azaldu duenez, azken ordura arte saiatu ziren beste sektorearekin hautagaitza bateratuak aurkezten, baina, «IUk, modu harrigarrian, Mikel Aranak ezarritako betoa onartu zuen». Ez zuten akordiorik lortu, hortaz, eta horregatik erabaki zuten bozetara ez aurkeztea.

Hemendik aurrerako jarrerari buruzko erabakirik ez dute oraindik hartu. Ez dute erabaki noren aldeko botoa eskatuko duten. Gertatutakoa sakonago aztertu, eta Kontseilu Politikoak urriaren 27an egingo duen ezohiko bileran hartuko dute erabakia.

«Ez luke sinesgarritasunik»

Ezker Batuaren izena galdu arren alderdiko sektore nagusia den Ezker Anitza-IU-Los Verdes-eko buru Mikel Aranak, Madrazoren aldekoei emandako ezetzaren zergatiak azaldu ditu: «Ez luke izango ez koherentziarik ez sinesgarritasunik». Alderdi barruan liskarrak izan ondoren berriz batu izan dira, baina horrek arazoetan sakontzea besterik ez du ekarri. «Akordioa egin eta hurrengo egunean berriz desberdintasunetan erortzeko besterik ez luke balioko, azkeno udal eta foru hauteskundeetan gertatu zen bezala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.