Madril aztertzen ari da ETAtik aldentzen diren iheslariak «gizarteratzeko plana»

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzarekin batera ari da Barne Ministerioa plana lantzen; Aresek egitasmoa babestu du

Erredakzioa
Donostia
2012ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Espainiako Barne Ministerioa «gizarteratze plan» bat lantzen ari da, «ETArekiko lotura» hausten duten iheslariei Hego Euskal Herrira itzultzea errazteko. Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzarekin batera ari da aztertzen aukera hori Jorge Fernandez Diazek zuzentzen duen ministerioa. Rodolfo Ares EAEko Herrizaingo sailburuak azaldu duenez, Eusko Jarularitzak denbora darama halako plan bat lantzen. Apirilean, Espainiako Gobernuak oraingoaren antzeko egitasmo bat aurkeztu zuen; kasu hartan, presoei zuzendua. Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi duenaren arabera, ETAtik urruntzea izango da «gizarteratze planari» atxikitzeko baldintza nagusia. Hala ere, gogoratu du egitasmoa aztertzen ari direla oraindik, eta halako zerbait ezin dela martxan jarri «goizetik gauera».

Ares sailburuak planaren alde egin du, eta esan du ETAkide izandako haien esku dagoela «gurea bezalako gizarte libre eta demokratiko batera» itzultzea. Aresek gaineratu du Espainiako Justiziarekin auzirik ez dutenek izango dutela «gizarteratzeko» aukera. El País egunkari espainiarrak igandean kaleratutako informazioaren arabera, Espainiako Estatuan auzibideak dituztenak zigortuak izango dira lehenik. Ondoren, Zigor Kodeak ezarritako «espetxe onurak» izango dituzte, Langraitz bidea deiturikoari jarraitu dioten presoek bezala.

«Gatazkaren ondorioak»

Herrira mugimenduko Jon Garaik adierazi du «filtrazio gutxi batzuek diotena» soilik dakitela egitasmoaren inguruan. Garaik adierazi du «gatazkaren ondorio guztiak» konpondu behar direla; bai iheslariena, bai presoena eta baita biktimena ere. Bide horretan, garrantzitsutzat jo du iheslarien auzia ere «konponbideen agenda politikoan» dagoela baieztatu izana.

Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Garraio sailburuak (PSE-EE) egoki deritzo Raxoiren gobernuaren asmoari, eta esan du plana «urrats bat gehiago» dela ETAk jarduera armatua utzi ondoren egin beharreko prozesuan. PSOEko Oscar Lopezek esan du PSOEk PPren gobernuarekin bat egingo duela, informaziorik ez dutela onartu arren: «Demokraten batasuna bultzatzen jarraituko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.