Espainiako Ogasun Ministerioa zergak igotzea pentsatzen ari da. Jomugan jarri dituzte, besteak beste, plastikoa, hegazkin txartelak, hondakinak eta CO2 igorpenak. Plastikoari dagokionez, biodegradagarritasunaren araberakoa izango da, eta erabilera bakarreko plastiko gutxiago erabiltzea izango du helburu –Europak horiek debekatuko ditu 2021etik aurrera–. Hegazkin txartelen zergaren igoera, berriz, «garraiobide jasangarriagoak bultzatzeko» egin nahi dute, hegazkinek berotegi gas ugari igortzen dituztelako. Hondakinen zergari dagokienez, estatu mailako egitura hartu dezake, edo herri mailan ezartzeko esparru bat sortu. Azkenik, hidrokarburoei, elektrizitateari eta energiari ere eragingo dio proposamenak, gutxien kutsatzen dutenak lehenetsiz. Erregai fosilei, berriz, diru laguntzak kendu nahi dizkiete pixkanaka.
Oraingoz, plan bat baino ez da, eta herritarrei hamabost egunez iruzkinak egiteko aukera zabaldu nahi diete. Dokumentuetan, gainera, ez da ageri lege proposamen zehatzik, baizik konpondu nahi diren arazoen informazioa, zergak onartzeko beharra, horien helburuak eta alternatibak.
Maria Jesus Montero buru duen saila pentsatzen ari dena Europako Batzordeak ingurumen zerga sistemaz zehazten duenaren barruan dago. Ziurtatu dutenez, beste herrialde batzuetako ereduak ere ikusten ari dira, eta gaiari buruzko ikerketei ere jaramon egin diete. Ingurumen zergei pisu handiagoa ematea klima larrialdiarentzat, energia trantsizioarentzat eta ingurumena errespetatzen duten teknologiak bultzatzeko baliagarria izan daitekeelakoan daude.
Zenbait ministeriok parte hartu dute zerga igoera proposamenean: trantsizio ekologikokoak, sustapenekoak eta ogasunak. Azken horren esanetan, plastiko gutxiago erabiltzea lortuko balitz, hondakinen kudeaketaren gastuak jaitsiko lirateke, negozio jasangarriagoak bultzatu eta berrerabil daitezkeen produktuei lehentasuna eman. Proiektuan ez da ageri zenbat diru jasoko duen Espainiako Estatuak, baina ezaguna da ingurumen zergen %82 izaten dela harentzat eta gainerakoa udalentzat eta autonomia erkidegoentzat.
Monterok aurreko astean iragarri zuen gisa honetakoak etor zitezkeela. Izan ere, esan zuen kontsulta publikoak irekiko zirela, ingurugiro zergen inguruan herritarrek dauzkaten iritziak jasotzeko. «Ekiteko garaia iritsi da».