Tortura

Madrilek auzitara eraman du torturei buruzko txostena egiteko Nafarroako foru agindua

Ana Ollo kontseilariak berretsi du "egiara heltzeko lehen urratsa" dela torturei buruzko txostena, eta jarraituko dutela halako ikerketak diruz laguntzen.

Ana Ollo kontseilaria eta Alvaro Baraibar Bake eta Bizikidetzako zuzendaria, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA, ARGAKI PRESS
arantxa elizegi egilegor
2018ko urtarrilaren 30a
17:36
Entzun

UPNk eta PPNk eskatuta, agerraldia egin du Nafarroako Gobernuko kontseilari Ana Ollok tortura kasuen gaineko ikerketari emandako diru laguntzei buruz. Bertan hartutako erabakia berretsi du, eta iragarri aurrerantzean ere diruz lagunduko dituztela unibertsitateek alor horretan bultzatzen dituzten proiektuak. "Nazioarteko instituzioek eskatzen diguten egiara heltzeko lehen urratsa da hau, etikak eta erantzukizunak bultzatutakoa".

Ollok nabarmendu du tortura kasuak zigortu dituela Espainiako Auzitegi Gorenak, eta antzeko salaketak jaso dituela Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ere bere ebazpenetan. Bide batez, Alderdi Popularrari gogorarazi dio alderdiak diru laguntzei jarritako helegitearen ondorioz bertan behera geratu direla German Rodriguezen eta Gladis del Estalen heriotzen inguruko ikerketa proiektuak.

Ordea, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzaren bitartez salaketa jarri dio eskuin muturreko edo funtzionario publikoek egindako indarkeria ekintzak ikertzeko 30.000 euroko diru laguntza emateko erabakiari. Berri agentziei bidalitako oharrean dioenez, laguntza horiek onartuz Nafarroako Gobernuak "Konstituzionalaren ebazpenari izkin" egin nahi dio, berak "egin ezin dituen txostenak" beste erakunde batzuei eskatuz.

UPNko parlamentari Iñaki Iriartek ukatu egin du torturak ikertzearen aurka daudela, baina zehaztu du halako "gai labainetan" adostasuna beharrezkoa dela nork eta nola ikertu erabakitzerakoan. "Ezin dira halakoak erabili demokraziaren izen ona zikintzeko eta esateko Guardia Zibila, Polizia Nazionala eta Foruzaingoa hiltzaile taldeak direla".

EH Bilduko parlamentari Bakartxo Ruizek erantzun dio aurreko gobernuek egin ez dutena egin duela laukoak, eta ohartarazi iraganean gertatutakoa dokumentatzeagatik auzitegietan amaitzen badute zalantzan jarriko dela zuzenbide estatua bera: "Inork ezin du ukatu herri honetan torturatu egin dela. Terrorismoaren aurkako borrokaren oinarrietako bat izan da".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.