KONPONBIDEARI BEGIRA

Madrilek eta Parisek biktimen memoria goratuz irudikatu dute ETAren amaiera

Frantziako eta Espainiako gobernuetako buruzagiek ekitaldi bat egin dute Moncloan. Bertan izan da Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria.

Sanchez eta Philippe, ETAren amaiera irudikatzeko ekitaldian. MARISCAL / EFE
jon olano
2018ko urriaren 1a
07:13
Entzun

Espainiako eta Frantziako gobernuek irudikatu dute ETAren amaiera. Bi gobernuetako ordezkariek ekitaldi bat egin dute Moncloa jauregian, Madrilen, eta bertan hartu dute hitza Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak eta Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak. Biek izan dituzte biktimen memoria gordetzeko eta bi estatuen arteko lankidetza goraipatzeko hitzak.

37 minutu iraun du ekitaldiak, eta bertan izan dira, besteak beste, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Patxi Lopez lehendakari ohia, Jose Luis Rodriguez Zapatero eta Felipe Gonzalez Espainiako Gobernuko presidente ohiak, Jesus Loza Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkaria eta hainbat biktima elkartetako ordezkariak. Justuki, Urkullu iritsi eta minutu eskasera sartu dira aretora Philippe eta Sanchez.

Sanchezek Cristina Cuesta ETAk hildako Enrique Cuestaren alabaren hitzak gogora ekarriz ekin dio hitzaldiari: "Eutsi genuen, eta irabazi". Erantsi du irabazi dutela "kontsentsu politikoari" esker "proiektu totalitario baten aurrean", eta baita "eraginkortasun polizialari eta judizialari esker". Ildo horretan, aparteko eskertza egin dio Frantziako Estatuari, ETAren aurkako jardueragatik. Biktimak gogoan hartuta amaitu du Sanchezek: "Ezin ditugu berreskuratu galdutako bizitzak, baina bai euren memoria".

Philippek azaldu duenez, ETAren 8.000 bat dokumentu eta bestelako material utzi du Parisek Madrilen esku: "Historiak memoria luzea du, baita justiziak ere". Hitzaldia amaitzean, Philippek Sanchezi eman dio dokumentazio hori irudikatzen duen agiri bat. Aurresku bat dantzatuz amaitu da ekitaldia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.