Politika

"Madrilekin harremanetan" denez ETAk atzo indar erakustaldia egin nahi izan zuela uste du Olabarriak

EAJko Espainiako Kongresuko diputatu Emilio Olabarriaren arabera, Espainiako Gobernua eta ETA harremanetan dira une honetan, eta, hain zuzen, testuinguru horretan ulertu behar da Madrilgo atzoko atentatua: ETAren indar erakustaldia izan zela uste du Olabarriak, ekintzarako gaitasuna duela frogatzeko modua. Halaber, ETAren egungo ekintzak ez direla garai batekoen "dimentsio berekoak" erantsi du Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan.

2005eko otsailaren 10a
10:37
Entzun
Olabarriak esan du ETAren historian behin eta berriz errepikatzen den jokabidea dela harremanak dauden bakoitzero atentatuak egitea: "ETAk premiazkoa baitu bizi direla eta arazo bat dagoela agertaraztea, eta problema hori negoziazioaren bidez konpondu behar dela adieraztea. Ildo horretatik, ez dut uste atzoko erasoak inor bereziki inpresionatu zuenik, atentatu batek beti sortzen duen traumatik aparte", iritzi dio.

ETA erakunde hermetikoa dela eta barruan gertatzen dena ziurtasunez inork ezin duela jakin adierazi du Olabarriak, baina, hala ere, zehaztu du baduela susmoa erakunde armatuko ekintzaile eta buruzagi gehienak negoziazio prozesu bat zabaltzearen aldekoak direla. "Ematen du erakunde horren gehiengoa, kideen eta militanteen gehiengoa, negoziazio formulen aldekoak direla. Badirudi badirela buruzagitza gaitasun dezentekoa duten pertsonak borroka armatuaren amaieraren alde ari direnak. Ezker abertzalearen barruan gehiengo handia dira jarrera horretakoak. Baina gaitz hau amaiarazteko aukerak hatz puntekin ukitzen direnean, beti, horrelako ekintzak gertatzen dira", agertu du.

Nolanahi ere, Olabarriaren ustez ETAk beste negoziazio saiobatzuen garaian egindako atentatuak eta oraingoak ez dira parekagarriak; egungoak, "beste dimentsio" batekoak direla esan du: "Egungo atentatuen ezaugarriei erreparatuz esan dezakegu ez dutela beste aro batzuetan ETAk egindako basakeria eta sarraskiekin zerikusirik".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.