Josu Erkoreka eta Arantza Tapia Jaurlaritzako sailburu berriek gaur utzi diote Espainiako diputatu izateari, eta Madrilen haien lekuak Isabel Sanchez Robles eta Joseba Agirretxeak beteko dituzte, Bizkaitik eta Gipuzkoatik hurrenez hurren.
EAJren bozeramailea Kongresuan Erkoreka bera zen, eta EBBk gaur arratsaldean hautatuko du haren ordezkoa. Baliteke Aitor Esteban izatea.
Erkoreka hamabi urtean izan da parlamentario Madrilen. Tapiak urtebete zeraman.
Bizkaiko Aldundiak, berriz, Juan Maria Aburto sailburu berriaren ordezkorik ez du izendatuko. Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak hartuko du bere gain Lehendakaritza Saila, eta bozeramaile figura desagertu egingo da.