Espainiako Gobernuak ezarri nahi duen memoria eredua "baztertzailea" dela salatu du Martxoak 3 elkarteak. Eredu hori "zigorgabetasunean" eta "estatu krimenen ahanzturan" oinarritzen da, ohartarazi duenez. "Fraga Iribarnek berak [Francoren diktadurako Barne ministro izandakoak] idatzitako kontakizuna dirudi", elkartearen esanetan, Madril bultzatzen ari dena. Horregatik, Espainiako Gobernuaren memoria politiketatik aldentzeko eskatu diete euskal erakundeei.
Memoria eredu "baztertzailearen" adibide gisa aurkeztu du Espainiako Gobernuak Gasteizen ireki asmo duen Terrorismoaren Biktimen Oroimen Zentroa. "Nazioarteko zuzenbideak giza eskubideen alorrean zehazten dituen printzipioen aurkakoa da: urraketa mota berari, tratamendu bera". Hala ere, zentroak Gasteizko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa duela salatu du. "Giza eskubideen urraketa mota guztietako biktima guztiak salbuespenik gabe onartuko diuen memoria politika publikoak exijitzen ditugu", adierazi dute elkartetik.
"Zigorgabetasun egoera jasanezin hau" egungo demokrazia eredua baldintzatzen duen "arazoa" dela nabarmendu du Martxoak 3 elkarteak.
Zigorgabetasun egoerarekin lotu dute, hain zuzen, Auzitegi Konstituzionalak elkarteak aurkeztutako babes helegitea baztertu izana. Auzitegiak adierazi du helegiteak ez duela "garrantzia konstituzional nahikorik" aintzat hartua izateko. Martxoak 3 elkartearen iritziz, "asaldagarria" eta "mespretxuzkoa" da Konstituzionalaren erantzuna.
1976ko martxoaren 3ko gertakarien auziaren bidea, ordea, ez da Konstituzionalean amaituko. Nazioarteko erakundetara ere eramango dutela iragarri dute. Giza Eskubideen Europako Auzitegira eta NBEra jotzeko aukerak ari da aztertzen elkartea. Horretarako, euskal erakundeen laguntza beharko dutela adierazi dute.