Polizia operazioa

Madrilera eraman dituzte Bizkaian eta Nafarroan atxilotutako sei lagunak

Iturri ofizialek zabaldu eta Askatasunak baieztatu duenez Espainiako Poliziak sei lagun atxilotu ditu bart goizaldean, seiak bizkaitarrak. Gernikan Maite Orue Bengoa eta Gorka Lopez Hernandez; Bilbon Sue Lorenzo Gomez eta Alberto Jesus Gil Rosado; Galdakaon Ainara Artetxe Azkueta, eta Mendigorrian (Nafarroa) Unai Gorostizaga Arbide, Arrankudiagakoa (Bizkaia). Azken hori umeen udaleku batean zegoela agertu du Askatasunak. Erakunde hori kezkatuta dago atxilotuek Poliziaren esku torturak jasan ditzaketela uste baitu. Polizia iturriek agentziei emandako informazioaren arabera, Ibon Fernandez Iradi etakide presoari atzemandako agirietan oinarrituta egiten ari dira sarekada, eta oraindik zabalik dago. Aipatu sei atxilotuak Madrilera eraman dituzte, inkomunikatuta. Askatasuna, berriz, kezkatuta dago atxilotuek Poliziaren esku torturak jasan ditzaketela uste baitu. Hain justu, gaur arratsaldeko zortzietarako manifestazioa deitu du, eta Bilboko Etxebarrieta plazatik aterako da.

2005eko uztailaren 27a
19:50
Entzun
Askatasunak agertu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko 5. Instrukzio epaitegiaren aginduz egin duela Espainiako Poliziak sarekada.

Gernikan atxilotuak 29 urteko Maite Orue Bengoa eta haren bikotekide 28 urteko Gorka Lopez Hernandez dira. Frai Martin de Murua kaleko 61. atarian atxilotu dute lehena; Juan Kalzada kaleko 87.enean bigarrena. Askatasunak azaldu duenez, goizaldeko ordubietan sartu da Polizia Orueren etxera eta lau eta erdiak arte egon da han. Lopezen etxera ez dakite noiz sartu diren, baina handik ere ordu bertsuan atera dira.

30 urteko Sue Lorenzo Gomez Bilboko Alde Zaharreko Somera kalean atzeman dute, goizaldeko lauak edo bostak inguruan. Askatasunaren arabera, ohetik jakiarazi duten bezalaxe eduki dute kalean, eta, ondoren, bere aitak beste kale batean duen loja bat miatzera eraman dute.

Alberto Gilen (36 urte), Aianara Artetxeren (27 urte)eta Unai Gorostizagaren (33 urte) atxiloketei buruzko zehaztasunik ez du Askatasunak. Bakar-bakarrik, Gorostizaga umeen kanpaleku batean zegoela Nafarroan, eta han atxilotu dutela. Polizia iturriek albiste agentzien bidez agertu dutenez, Gil Bilboko Santutxu auzoko Karmelo kalean atxilotu dute, Artetxe Galdakaon, eta Gorostizaga, berriz, Mendigorrian (Nafarroa).Polizia iturrien arabera, sarekadak zabalik jarraitzen du eta litekeena da jende gehiago atxilotzea.

PoliziakETAko kide izatea egozten die sei lagun horiei: etakide berriak egiteko sareko kide izatea. Atxiloketak Frantzian preso dagoen Ibon Fernandez Iradiri atzemandako agirietan oinarrituta egin dituztela nabarmendu dute iturri horiek. Agiri horien aitzakian dozenaka lagun atxilotu dituzte Espainiako segurtasun indarrek azken hiru urteetan, eta haietako asko libre daude.

Askatasuna, berriz, kezkatuta dago atxilotuek Poliziaren esku torturak jasan ditzaketela uste baitu. Hain justu, Fernandez Iradiren agirien aitzakian atxilotu dituzten gehienek torturak eta tratu txarrak salatu dituztela oroitarazi du.

Askatasunak gaur arratsaldeko zortzietarako manifestazioa deitu du, eta Bilboko Etxebarrieta plazatik aterako da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.