Hezkuntza eta osasunaren alorretan murrizketak egiteko Espainiako Gobernuak onartu berri dituen errege dekretuek Eusko Jaurlaritzaren eskumenak urratzen dituzte, eta, beraz Espainiako Konstituzioaren aurkakoak dira. Tesi hori defendatuko du Gasteizko gobernuak, Espainiako Auzitegi Konstituzionalean neurrion aurkako helegitea jartzean, Isabel Zelaa eta Rafael Bengoa Hezkuntza eta Osasun sailburuek atzo jakinarazi zutenez. «Lasaitasun mezua» ere eman nahi izan zuten: «Ez ditugu neurriak aplikatuko. Ez dute eraginik izango Euskadin».
Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde egituraren «berezitasuna kontuan hartu gabe» landu dira dekretuak, Zelaaren hitzetan: «Ez dute Konstituzioa errespetatzen, ez dutelako eskumenen esleipena errespetatzen. Gure autogobernua inbaditzen duten neurri guztiak errekurrituko ditugu».
Hala, hezkuntza ez-unibertsitarioaren esparruan, bi punturen aurka joko du helegiteak: irakasleen eskola orduen igoera eta ordezkapenen gutxitzea. Zelaak berretsi du Jaurlaritzak orain arteko irizpideekin jarraituko duela: «Gure sistemak emaitza onak ematen ditu kalitatean eta ekitatean. Ez dugu aldatuko». Eskoletan ratio berdinak erabiliko dituzte datorren ikasturteko taldeak antolatzeko, besteak beste, prozesua abian dagoelako ja: «Ez dago astirik. Ez dago justifikatuta».
Unibertsitatearen esparruan ere bi puntu errekurrituko ditu: aurrekontuen egonkortasuna eta likidazioa arautzen dituena—kontzertu ekonomikoari eta kupoei buruzko batzorde mistoan eztabaidatu beharrekoa delakoan—, eta gutxieneko ikasle kopurua 50ean ezartzen duena—hogeian da euskarazko taldeetan, eta 30ean gaztelaniazkoetan—. «Neurri horrek ez du EHUren aniztasuna kontuan hartzen. Beteko bagenu, Filosofia eta Filologia batzuk itxi beharko genituzke», esan du sailburuak.
Era berean, unibertsitate tasen igoeraren aurka ere helegiterik jar daitekeen aztertzen ari dira Jaurlaritzako zerbitzu juridikoak. Hori ere ez du beteko Zelaak: «Ezin da aplikatu kontabilitate eta kostu azterketarik egin gabe, eta beka sistema berria eduki gabe». Hartara, «urtero bezala», kontsumorako prezioen indizearen arabera igoko dira EHUko tasak. «Ez da inor geratuko unibertsitatetik kanpo baliabiderik ez edukitzeagatik».
Osasungintzari dagokionez, beste bi puntu dauzka Jaurlaritzak jomugan. Batetik, errege dekretuaren erabilera bera auzitan jarri du Bengoak, osasunaren alorrean soilik egoera «larri eta premiatsuetan» balia daitekeelako dokumentu hori. Bestalde, «osasun eredu aldaketaren» kontra jardungo du; sailburuaren ustez, «aseguratuen modeloa» ezarri nahi duelako Espainiako Gobernuak: «Eskubide unibertsalen eredutik gizarte segurantzara egin nahi du jauzi, tarteen araberako eskubideen eredura».
Giza baliabideen kudeaketarekin lotutako puntuei helegitea jar diezaioketen aztertuko du Jaurlaritzak. Bengoak azaldu du neurri horiek ez direla dekretu bidez onartu behar, lurraldearteko kontseiluan baizik. Espainiako Gobernuaren eta erkidegoen arteko harremana aldatzea egotzi dio Mariano Raxoiri: «Ez gara estatuak dioenaren kudeatzaile soilak. Orain arte elkarrekin erabaki dugu. Zergatik aldatu dute hori?».
Gainera, beste neurrien «inpaktua arintzeko» moduak bilatuko ditu Jaurlaritzak, gizarte laguntzaren bidez. Botiken berrordainketak gaixo kronikoengan izango duen eragina aipatu du sailburuak, baita paperik gabeko etorkinei egindako mozketak ere.
«Aginte totalitarioa»
Baina edukiei ez ezik, formei ere erreparatu diete Zelaak eta Bengoak. Oso kritiko mintzatu dira Espainiako Gobernuaren jokabidearekin. «Gehiengo absolutua aginte totalitario bihurtu du, nagusikeriazkoa, bidegabea», adierazi du Zelaak. Bengoak erantsi du badaudela bestelako aukerak dirua aurrezteko, eta Jaurlaritzaren jarduna jarri du eredu: «48 milioi euro aurreztu ditugu botika generikoen bidez, eta 60 milioi erosketa estrategikoetan». Kezkatuta agertu da, «gobernuak ez duelako entzuten». «Hezkuntza eta osasuna ez dira luxu bat. 30 urtean eraikitakoa urte bakarrean suntsi daiteke».
Auzitegi Konstituzionalak ebatzi arte luze jo dezakeela onartu dute Isabel Zelaak eta Rafael Bengoak. Baina helegitea jarri arteko bidea bera luzea izango dela ekarri du gogora Hezkuntza sailburuak. Izapide asko egin behar direla eta, tarteka, Raxoiren taldearekin ere bildu behar dutela: «Gobernu zentralak jarrera lasaitzea ere gerta daiteke».
Madrilgo murrizketek eskumenak urratu dituztela salatuko du Jaurlaritzak
Hezkuntza Sailak ez ditu aplikatuko, eta Osasun Sailak kalteak arintzeko moduak aztertuko ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu