ingurumena

Magna enpresak 2013ko martxo aldera hasi nahi du Zilbetiko harrobia ustiatzen

Kamioientzat azpiegitura eta NA-138 errepidea lotzeko 1,2 kilometroko tunela egingo dute. Harrobiak zuzenean edo zeharka 50 lanpostu sortuko dituela esan du enpresak.

2012ko otsailaren 13a
16:40
Entzun

Magnesitas Navarra (Magna) enpresak datorren urteko martxo edo maiatza aldera hasi nahi du Zilbetiko harrobia ustiatzen, handik mineral materiala ateraz. Orain dela aste batzuk ekin zion harrobia egiteko lanei, pagoak-eta botaz besteak beste, eta orain 1,2 kilometroko tunela egiteko proiektuaren berri eman du.

Lau milioi euroko aurrekontua du tunelak, eta lan horri esker kamioiak harrobitik NA-138 errepidera joan ahal izango dira, Zilbetiko kontzejua bera saihestuz. Eguneko kamioien 45 bidaia aurreikusi ditu enpresak.

Nicolas Gangutia Magnako kontseilari ordezkariak eta Jose Antonio Ieregi zuzendari industrialak Iruñean emandako prentsaurrekoan nabarmendu dute azpiegiturak zuzenean edo zeharka 50 lanpostu sortuko dituela, eta Zubiriko plantako 165 beharginek jarraitu egingo dutela.

Harrobi hura baino lan irtenbide hobeak badirela esan zioten urte hasieran Nafarroako Gobernuari SEO/Birdlife elkarte ekologistak, Erdiz Bizirik plataformak eta Alduide Mendia koordinakundeak. Inguru hori "despopulatzen" ari dela ohartarazi zuten, eta ingurumena errespetatzen duten proiektuak eskatu zituzten.

Nicolas Gangutiak azaldu du "proiektu eredugarria" dela Zilbetikoa, lege eta ingurumen arau denak betetzen dituela. Egitasmoak erakunde publiko mota guztien babesa duela gaineratu du: lokal, autonomiko, Espainia eta Europakoarena.

40 urteko bizia izango du harrobiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.