Sendia zain du Naima Rhendurrek ere. Fezen du jomuga, Marokon. «Gu noiz helduko zain daude etxekoak; telefonoz deika ari zaizkigu». Parisen bizi da, eta bost lagun ari dira harekin batera bidea egiten. «Nire ahizparekin noa, eta hiru ume doaz gurekin, 11 urtekoa zaharrena, 8 urtekoa bestea, eta txikiena, lau urtekoa». Bidea patxadaz hartu nahi dutela zioen atzo. «Gasteizen geratuko gara bi egun». Atseden hartuko dute han. «Baina lau egunen buruanFezen egon nahi dugu». Hiru aste egingo dituzte han oporretan.
Amina Kasab ere Marokora zihoan. «Rabatera». Aski bide luzea izaten dute etorkin hauetako gehienek, eta Oiartzunen propio haiei laguntzeko jarritako informazio gunean informazio eske ari zen. Paris ondoko herri batetik ari da bidea egiten. «Hiru alabarekin batera noa autoan». Helmugan zeregin garrantzitsua dutela zioen: «Alaba ezkonduko zait Rabaten».
Langileak lekuko
Gonzalo Jimenez iaz hasi zen lanean Aritzetako gasolina zerbitzugunean, Usurbilen (Gipuzkoa). BERRIAri adierazi dionez, iparraldera ez hainbeste, baina hegoaldera ibilgailu dezente doaz azken egun hauetan. «Aurreko bi asteburuetan jende asko pasa da hegoaldera». Jimenezek ez du nabaritu iazko urtearekin alde handirik oraingoz.
Aritzetako atsedenlekuan dagoen tabernaren arduraduna da Marian Garcia. Aurten beste urte batzuetan baino jende gutxiago dabilela nabaritu du, eta diru gutxiago gastatzen dutela. «Denetik ekartzen dute ibilgailuetan, eta gero hor ikusten dituzu kanpoan jaten».
Ekainaren 1etik hasi zen nabaritzen zirkulazioaren gorakada, Garciak dioenez, baina urte hau lasaiagoa da, halere. «Beste urte batzuetan bi eta hiru lagun egoten gara barran, gaur bakarra dago». Aritzetan lan egiten duten bi langileek diotenez, bidaiari askok galdetzen diete bideaz. «Jendea oso galduta ibiltzen da, asko galdetzen digute, batik bat hegoaldera doazenek. Gertatzen da hemendik aurrera jarraituta Bilbora doazela eta pixka bat nahastuta etortzen dira», dio Jimenezek. Askok, egin behar duen bidea ikusita, ez du ulertzen zergatik joan behar duten Bilbora, «baina ematen du A-8tik bidaltzen dituztela». Oiartzungo informazio gunean lanean dihardutenek, ordea, kosta ahala kosta Bilbotik ez pasatzeko esaten dietela diote.
GPSarekiko uste ona Arrasaten bukatzen da
GPS edo Kokatze Sistema Orokorrak egiten dituzten enpresek AP-1 errepidea, Maltzaga (Eibar) eta Gasteiz lotu behar dituena, bukatua dagoela uste dute. Egon ere bukatua egon behar zuen, baina lanak urtebeteko atzerapenarekin doaz eta oraindik 30 bat kilometro daude eraikitzeke. Satelite bidezko nabigatzaileek ez dakite, ordea, eta auto mordoa gidatu dute uda honetan AP-1 bukatu gabekoan barrena, Burgoserako norantzan bide motzena delakoan. Arrasaten (Gipuzkoa) dago autobide berriaren azken ordainlekua, eta han bukatzen da autobidea. Gidariak zoratu beharrean dabiltza; GPSak erakutsi bai, baina autoaren leihotik ikusten ez den errepidea aurkitu ezinik.Gu noiz helduko zain daude etxekoak; telefonoz deika ari zaizkigu»
naima rhendur
Marokora doan bidaiaria
Portugalera eta Marokora iristeko biderik motzena
Euskal Herria hegoalderako norantzan zeharkatzeko biderik motzena Altsasutik (Nafarroa) eta Gasteiztik igarotzen da. A-8 autobidean Bilboraino jarraituz gero, bidea luzeagoa da, eta bide saria birritan ordaindu behar da, gainera. Irurtzundik (Nafarroa) barrena doan bidea bezain luzea da azken aukera hori, bestalde.30.000
Aurreko asteburuan Algeciras pasatu zutenak. Algecirasko (Espainia) kaia da bidaiari askoren jomuga, handik Magrebera heltzeko. Lehengo asteburuan 30.000 bidaiari igaro ziren, 10.500 autotan.Bidaialuzerakoaholku sorta
Atseden hartu. Tartean-tartean, bizpahiru orduan behin, geratzeko esaten diete. Askotan errepideetako atsedenlekuetako aparkalekuak erabiltzen dituzte gauean geratu eta lo egiteko.Segurtasun neurriak errespetatu. Gehiegizko abiadura ez gainditzeko esaten diete, tentuz ibiltzeko eta segurtasun uhalak beti erabiltzeko.
Otorduak zaindu. Ahal bada otorduen ohiko ordutegia errespetatzeko esaten diete, gehiegi ez jateko eta erruz edateko; adituen arabera, egunean gutxienez bi litro ur edan behar dira. Haurrekin eta adinekoek arreta berezia izan behar da.
Juncal Garcia etaAbdelgani Fatheddine A-8ko informazio guneko langileak
Oiartzungo atsedenlekuan gau eta egun langileak daude bidaiariei laguntza emateko.
«Har ditzaketen bideei buruzko informazioa ematen diegu»
A.I. OiartzunJuncal Garcia (1968, Irun) Espainiako zirkulazioko Zuzendaritzako langilea da; Abdelgani Fatheddine (1969, Casablanca, Maroko), erakunde horrek propio aste hauetarako kontratatutako itzultzailea. Europatik Afrikarako bidea autoz egiten ari diren bidaiariei laguntza emateko Oiartzunen (Gipuzkoa) A-8 autobidean dagoen informazio guneko langileak dira. Egun osoko zerbitzua ematen dute, talde batekin batera.
Zein lan egiten duzue hemen?
Juncal Garcia. (J.G.): Har ditzaketen bideei buruzko informazioa ematen diegu bidaiariei, eta, bide batez, aholkuak ematen.Guk, batez ere, ahalegina egiten dugu Bilbotik sar ez daitezen, N-1etik segi eta Burgosera bidean joateko esaten diegu. Madrilerako ere prestatzen ditugu, han M30aren ordez M40 errepidea har dezaten...
Ondo prestatuta etortzen da jendea? Bidearen berri badute?
J.G.: Askok GPSa dakarte.
Abdelgani Fatheddine (A.F.): Batzuk urtean bizpahiru aldiz joaten dira Marokora, eta horiek oso ondo ezagutzen dute bidea.
Hartu beharreko bideari buruzko aholkuez aparte, besterik ematen diezue?
A.F.: Tamalez, errepidean lapurretak-eta izaten dira, eta, horregatik, esaten diegu atsedenlekuetan-eta geratzekotan kamerak-eta dituztenetan geratzeko. Zenbait bidaiarik orain abuztuan ezkontzak-eta izaten dituzte beren herrialdeetan, eta urrearekin jaisten dira, edo diru dezenterekin. Atseden hartzeko aholkua ere ematen diegu.
J.G.: Bidean dituzten gainerako atsedenleku eta informazio guneei buruz ere argibideak ematen dizkiegu; hau txikia da, baina badira handiagoak; batzuetan osasun zerbitzua jaso dezakete, eta otoitz egiteko lekua ere badute batean.
Eta beraiek, errepideei buruzko informazioaz aparte, besterik eskatzen dizuete?
J.G.: Bai. Zenbaitetan ibilgailuarekin matxura izan badute edo, laguntza eske etortzen zaizkigu. Guk gauza handirik ezin izaten dugu egin. Inguruko herriren batera bideratzen ditugu.
Aski bidaia luzeak egiten dituzte autoz. Ibilgailu egokiak dituzte? Eta gidatzeko jarrera egokia dute?
J.G.: Orokorrean bai, gero eta automobil hobeak erabiltzen dituzte, oso nabarmena da hori. Noizean behin, ordea, izaten da bestelakorik: oso ibilgailu zaharrak dituzte, eta nola helduko diren galdetzen diozu zeure buruari.
Gehienak nondik datoz?
A.F.: Alemaniatik, Herbehereetatik, Belgikatik eta Frantziatik. Gehien-gehienak Algecirasera doaz, handik itsasoa zeharkatu eta Magrebera heltzeko.
Egun hauetan lana franko izango duzue, ezta?
J.G.: Bai, asteburu honetan ibilgailu asko espero dira.