Enrique Maia Iruñeko alkateak gaur egin du balorazioa sanferminen inguruan. Adierazi du "deitoragarria eta zekena" izan dela txupinazoan ikurrin handi bat jartzea, eta "boikot" gisa deskribatu du. Ohartarazi du datorren urterako segurtasun neurri gehiago hartuko dituztela.
Halaber, prozesioan jasotako txistuak gaitzetsi ditu, argudiatuta ezin izan zutela "duintasunez" egin euren lana. Gainera, larunbateko entzierroan zezen plazako sarreran izandako jende oldea aipatu du gertakari negatiboen artean.
Horietan ez du aipatu, ordea, hainbat emakumek txupinazoan jasandako sexu erasoak. Azaldu du ez dutela bortxaketa salaketarik jaso —Espainiako Poliziak BERRIAri baieztatu zion bi salaketa bazirela— eta sexu askatasunaren aurkako zazpi salaketa jaso dituztela. Horiek "familia barruan" izan direla zehaztu du Maiak.
Gainera, salatu du Iruñeko jaien irudia sexu erasoekin lotu nahi izatea, eta "negargarritzat" jo du.