[YouTube]http://youtu.be/S2Zi60uPuLI[/YouTube]
Harpidedunekin eta BERRIAlagunekin batera, kazeta posible egiten duten langileak, kolaboratzaileak, iragarleak eta abar gehitu behar zaizkio hamar urtean BERRIAk izan duen babes sareari. Hain zuzen ere, hori adierazteko eta eskertzeko asmoz, bideo bat prestatu dute. BERRIAk euskarari egiten dion ekarpena ere ageri da bideoan.
Harkaitz Cano idazleak, Maialen Lujanbio bertsolariak eta Lorea Agirre kazetariak egin dute gidoia. Cano eta Lujanbio BERRIAren Iritzia saileko Jira eta Bira ataleko lehenbiziko kolaboratzaileak izan ziren, eta Agirre urte askotan euskarazko egunkariko kazetaria izan da. Pixel produkzio etxea arduratu da grabatzeaz.
Bideoan parte hartu dute, besteak beste, Andoni Egaña bertsolariak, Anjel Lertxundi idazleak, Antton Olariaga marrazkilariak, eta Maider Sarasola eta Garbiñe Astoreka BERRIAren irakurleek. Hamar minutu inguru irauten du, eta hamargarren urteurrena ospatzeko BERRIAk prestatu duen kultur birako emanaldi guztietan ikusi ahal izango da.