Gizartea

Maiatzaren 14an hasiko dira Deustuko kanala zabaltzeko obrak

Bilboko Udalak nabarmendu du Zorrotzaurre eta hiriburuko beste hainbat gune uholdeetatik babestuko dituela proiektuak.

Kanala, obra egin aurretik eta ondoren nola geratuko den. BERRIA
Maite Asensio Lozano.
2014ko maiatzaren 7a
13:12
Entzun

Astebete barru abiatuko dituzte Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak Zorrotzaurre irla bihurtzeko lanak. Jose Luis Sabas Lan eta Zerbitzuetako zinegotziak azaldu duenez, 20,9 milioi euroko aurrekontua izango dute, eta hamasei hilabete iraungo dute. Dena den, lehen bederatzi hilabeteetan obraren bi jarduera gauzatuko dituzte aldi berean: batetik, ura sartuko den gunetik lurra aterako dute, eta, bestetik, kanalaren bi aldeak lotzeko zubia jarriko dute. “Hala, Zorrotzaurre ez da inoiz komunikaziorik gabe geratuko. Horrek konplexutasuna gehituko die obrei, baina denbora eta eragozpenak laburtuko ditu”.

Itsasadarraren alde bakoitzean 500 metroko “kostalde gunea” irabaziko du Bilbok, Sabasen arabera; 365.000 metro kubiko lur aterako dituzte horretarako. Zubiak, berriz, 75 metroko luzera izango du, eta 30 metroko zabalera; espaloia izango du albo bietan, baita bidegorri bat ere, eta ibilgailuentzako lau bide, noranzko bakoitzean bina.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuorde Covadonga Solagurenek erantsi du obren hasiera “mugarria” izango dela Zorrotzaurre “bere onera ekartzeko” prozesuan. “Ezin dugu ahaztu hondamen naturalen ondorioak gutxituko dituela egitasmoak”. Udalak BC3 ikerketa zentroari eskatutako azterlan batean oinarrituta adierazi duenez, %68 murriztuko dira kanala ireki osteko ehun urteetan uholdeek eragindako kalteak.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.