Maiatzaren 28an izango da CAN: Kutxa hutsa ordubeteko dokumentalaren estreinaldia, Golem zinema aretoetan. Nork eraman ditu sosak? trilogiaren bigarren atala da. Ateak Irekik ekoiztu du CANen inguruko dokumental hori, eta Kontuz elkarteak egindako ikerketan oinarritu da; elkarteak egindako lana “ezinbestekotzat” jo dute dokumentalaren egileek. “Gizarteak egia osoa jakin nahi du, eta ardurak eskatzen ditu”, adierazi dute.
Argi dago, egileen ustez, "gauza asko" gaizki egin direla Nafarroan. “Deliturik dagoen ala ez epaileek ebatzi beharko dute, baina Nafarroako jendarteak ardurak eskatzen ditu”, esan dute. Eta nabarmendu dute Nafarroako finantza tresna nagusiak "porrot egitera" eraman dituztenek erantzukizun politiko eta penalak hartu beharko dituztela euren gain. “Dokumental honekin lortu nahi dugu modu erraz eta ulergarrian azaltzea zerk eraman gaituen egoera honetara. Nola den posible 1.200 edo 1.300 miloi euro balio zuen kutxa bat, azkenean, 150 miloi euroan saltzea”.
Besteak beste, ondorengoek hartu dute parte dokumentalean: Kontuz taldeko Patxi Zamora, Pablo Ibañez eta Arantza Izurdiaga abokatuek; CANeko hainbat langile ohik; Ricardo Feliu soziologoak; Bakartxo Ruiz, Miguel Izu, Ainhoa Aznarez eta Diego Paños politikariek; eta Gara eta Diario de Noticias egunkariek.
10.000 DVD kaleratuko dituzte, Nafarroa osoan zabaltzeko. Dokumentalaz gain, Nafarroa osoan hitzaldiak egingo ditu Kontuz elkarteak datozen asteetan.