EPAITEGIAK

Maiatzaren 9an epaituko dute Arraiz Segurako auziagatik

Gainerako auzipetuei bi urtetik beherako zigorrak ezarri zizkieten; Sortuko presidentea, ordea, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Auzitegi Nagusian epaitu behar dute, foruduna delako.

Iñigo Iruin eta Hasier Arraiz, auzitegi atarian. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS
2016ko martxoaren 2a
12:41
Entzun

2007ko urriaren 4an Seguran (Gipuzkoa) egindako polizia operazioan atxilotu zuten Hasier Arraiz Sortuko presidente eta EH Bilduko legebiltzarkidea, beste lagun batzuekin batera. Legez kanporatuta zegoen Batasunaren Mahai Nazionala berriz osatzen saiatzea leporatuta auzipetu zituzten, eta gainontzekoei bi urtetik beherako zigorrak ezarri zizkieten urtarrilean.

Arraiz, legebiltzarkidea izanik, foruduna da, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Auzitegi Nagusian epaitu behar dute.  Europa Press agentziak zabaldu duenez, auzitegiak jarri du data epaiketarako: maiatzaren 9a. Sei urteko espetxe zigorra eskatzen du harentzat fiskalak. AVT eta Dignidad y Justicia akusazioek, ordea, hamar urtekoa, eta Iñigo Iruin defentsako abokatuak, absoluzioa.

Urtarrilean Auzitegi Nazionalean epaitutakoek fiskalarekin eta akusazioarekin egin zuten akordioa; ikusteke dago akordio horrek eraginik izango ote duen Arraizen kasuan. Auzitegiko presidente Juan Luis Ibarrak eta Nekane Bolado y Roberto Saiz epaileek epaituko dute.

Arraizek otsailaren 17an deklaratu zuen auzitegi berean; orduan, Guardia Zibilari "xake mate" eman behar zitzaiola esateagatik epaitu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.