Maiorga Ramirez izango da EAtik Nafarroako Gobernuko lehendakarigaia maiatzaren 22ko foru hauteskundeetan, eta Eva Aranguren Iruñeko alkategaia. Pello Urizar EAko idazkari nagusiak eman du erabakiaren berri, Donostian, alderdiak Nazio Biltzarra egin ondoren.
Ramirez eta Aranguren EAko nazio zuzendaritzako kideak dira. Aurrena alderdiaren Nafarroako koordinatzailea da, baita NaBai koalizioko diputatua ere herrialdeko parlamentuan. Aranguren gizarte politikako idazkaria da zuzendaritzan. Biak 1976koak dira.
Duela lau urte ez bezala, Nafarroa Baitik kanpo aurkeztuko da EA aurten. Aralar, EAJ eta independenteen multzo batek osatuko dute koalizioa. EAri exijitzen zioten ezker abertzalearekin Nafarroara begira dituen itunak hausteko. EAk hori egin ez duenez, hau NaBaitik kanpo geratu da. EAk dio bidali egin dutela. Besteek esan dute EA bera geratu dela kanpoan. Honek bere zerrendan "abertzaleak eta aurrerakoiak" biltzeko xedea dauka.