Komunikazioa

Maite Iturbek Eusko Irratiko erregulazio txostena defendatu du

EITBko zuzendari nagusiaren arabera, kaleratze kolektiboak baldintza hobeak ekartzen dizkie langileei kaleratze indibidualak baino. Eusko Legebiltzarrean agerraldia egin du Iturbek, berak hala eskatuta.

Maite Iturbe, atzo, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan. RAUL BOGAJO, ARGAZKI PRESS
urtzi urkizu
2015eko otsailaren 24a
15:05
Entzun

Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak azalpenak eman ditu Eusko Legebiltzarrean, EITBren Kontrolerako Batzordean. Nabarmendu du EITBren administrazio kontseiluak iaz hartu zuen erabakia bete behar duela. "Bi hereneko gehiengoz hartu zen erabaki hark finkatzen zuen 49 lanpostuen eskaintza publikoa egitea, eta 30 lanposturen amortizazioa". Iturberen arabera, atzera egiteko EITBko administrazio kontseiluak berak baino ezin du erabakia hartu. Bestalde, azaldu du Espainiako Auzitegi Gorenaren 2014ko ekaineko epaia bete beharra duela EITBko zuzendaritzak. Epaiak dio administrazio publikoak, langile mugagabe ez-finkoak betetzen duen postua amortizatu behar duenean, langileen estatutuan finkatutako prozedurari jarraitu behar diola. Kasu honetan, enplegu erregulazio txostena.

PSE-EE, PP eta EH Bilduko ordezkariak erregulazio txostenaren aurka azaldu dira legebiltzarrean. EAJ izan da EITBren erabakia defendatu duen bakarra.

PSE-EEk "eztabaida politikoak" EITBko administrazio kontseilura eramatea salatu du EH Bilduk, Bilbon emandako prentsaurreko batean. Koalizio abertzaleak uste du Maite Iturberen dimisio eskaeraren moduko eztabaidak ez direla administrazio kontseiluan egin behar. Horrenbestez, gaurko administrazio kontseiluaren bileran koalizioko lau ordezkariek ez dute babestuko Iturberen dimisio eskaera —PSE-EEk egin du proposamena—.

EH Bilduk, bestalde, Eusko Irratian zuzendaritzak martxan jarri nahi duen erregulazio espedientea "lehenbailehen" erretiratzeko eskatuko du bileran. "Bi fasetan egin beharreko prozesuari baiezkoa eman genion, 49 lanposturentzat lan deialdi publiko bat jasotzen zuena. Hortik aparte, egiturazko lan taldearen negoziazioa zetorren", azaldu du Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkideak. "Erregulazio txostenak baldintzatu egingo du negoziazio hori".

EH Bilduk dio apustu egiten duela komunikazio talde publiko eta kalitatezko baten alde, "gizartearen zerbitzura ariko dena". Baina nabarmendu du ez dutela babestuko EITBrekin Telemadrid moduko hedabide bat egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.