Euskararen Erakunde Publikoko aurrekontua doi bat emendatuko da aurten, nahiz eta Frantziak, krisi ekonomikoaren ondorioz, 120.000 euro gutxiago jarriko duen euskara sustatzeko Ipar Euskal Herrian. Ahoan Bilorik Gabe emankizuneko gomita izan da Frantxua Maitia EEPko presidentea —Kanaldudek, Euskal Irratiek, Herria-k, Kazeta.info-k eta Ipar Euskal Herriko Hitza-k elkarrekin antolatzen dute—. Eusko Jaurlaritzak ere iaz baino 57.000 euro gutxiago jarriko du. Alta, aurrekontua 20.000 euro emendatuko da, iazko "erreserbei" esker.
EEPren estatutuek argiki adierazten dute estatuak, Akitaniak eta Kontseilu Nagusiak diru funtsa bera ezarri behar dutela aurrekontuak osatzeko. Alta, azken bi urteotan estatuaren ekarpena apaldu da. "Euskalgintzaren behar gorriak" argudiatu ditu Maitiak horren arrazoia azaltzeko. "Hastapenean erran genuen bakoitzak 620.000 euro jarriko zituela EEPren aurrekontua egiteko, baina estatuak kopuru hori emendatzea eskatu zigun Seaskako hiru irakasle ordaindu ahal izateko. Geroztik, Frantziako Hezkuntzak ordaintzen ditu lanpostu horiek, estatuak ekarpena apaldu du, eta gainerateko eragileek, berriz, orduko funtsa atxiki dugu", azaldu du Maitiak.
"Behar da ikusi EEPren aurrekontua poxi bat emendatu dela, iazko erreserbei esker. Ez da beheititzerik, eta politika kudeatu ahalko dugu asmatu bezala, ez baita izanen murrizketarik nehon ere". Alta, erakunde publiko batek ezin ditu erreserbak sortu. Euskalgintzaren behar gorriek ere argi erakusten dute euskarak duen aurrekontua baino gehiago behar duela euskararen berreskuratze prozesuan.
Maitiak jakinarazi du iazko eginkizunetan zela EEPren langile kopurua emendatzea, urtarriletik. Ez zen horrela egin, beranduago baizik. Diru hori erreserba gisa atxiki dute. Hiztegi elektronikoaren ekoizpenak ere uste baino gutxiago balio izan du.
Estatuaren ekarpena apaltzeaz gain, Eusko Jaurlaritzaren ekarpena 57.000 euro apalduko da aurten, eta 400.000 eurokoa izanen da. "Eusko Jaurlaritzatik diru gutxiago ukanen dugu, baina ez diote deus zor Frantziako Errepublikari, eta eskerrak eman behar dizkiegu. Frantziak beharko lituzke bete euskararen beharrak".
Heldu den urteko aurrekontuen osaketa, aldiz, ez du hain baikor ikusten. "Eguneroko arazoak gainditu eta biharamunera pasatzen gara. Gaindi dezagun aurtengoa, eta gero ikusiko dugu zer egiten dugun heldu den urtean". Maitiak berretsi zuen estatuaren partetik eta tokiko erakundeen aldetik euskararekiko borondatea nabarmena dela, krisialdia pairatzen badute ere.
Herriko etxeak
Euskara herriko etxeetan sustatzeko dinamikari ekin nahi dio EEPk. Orain, Kontseiluak neurtu du euskararen erabilpena eta agerpena. Herritarren euskarazko harrera bermatzeko urrats guztiak hartzen ditu kontuan Kontseiluak. Horren arabera, Euskal Herriko udal guztiak neurtuak dira. Maitiak azpimarratu du, Kontseiluaren izena aipatu gabe, biziki "nota txarrak" ematen dizkiela Ipar Euskal Herriko herriko etxeei. Tokiko errealitatetik abiatu behar dela dio Maitiak, egiten diren urrats txikiak baloratuz. Gogoratu du EEPren hizkuntza politika borondatean oinarritzen dela eta ez dela aise hizkuntza politika praktikan jartzea. "Nahiago dugu baloratzea aitzinamenduak eta ez teorikoki finkatu den maila baten araberako nota ematea herriko etxeari". Azaldu du ez duela Kontseiluarekiko mespretxurik baina EEPk hitzarmenak finkatzea hobesten duela.
Zortzi herri hautatu dituzte esperientzia abian ezartzeko. Alta, Angeluk bezala euskara sustatzeko ekimenik ez duten herriko etxeak ez dira zerrendan ageri. Ageri direnak euskararen aldeko urrats argiak egin dituzte dagoeneko, Hendaiak edo Hiriburuk bezala. Egoeraren argazkia egin ondoren euskara teknikariekin batera, EEPk hitzarmen bat egitea proposatzen du, helburu batzuk finkatzea eta neurriak abian ezartzea. Ondoren bildu eta egindakoaren balorazioa egitea proposatzen du, hitzarmena berritu aitzin. Esperimentazioa egin ondoren esperientzia lurralde osora hedatzeko baldintzak aztertuko dituztela dio Maitiak.
Gehienak, euskaraz
Heldu den eskola sartzean, lehen aldiz, bost mila haur baino gehiago ibiliko dira eskola publikoko bi eleko ereduan. Euskal Haziak eta Seaska elkarteen kopuruei erantsiz, lehen aldiz euskara ikasten dutenak frantses hutsez ikasten dutenak baino gehiago izanen direla nabarmendu du Maitiak.
"Gure lurraldea euskalduntzen ari da haurretatik abiaturik. Hori zen gure helburua, euskaldun osoak sortzea, haurretatik abiaturik". Alta, eskola publikoan dauden haurren kopurua neurgarria bada, zailagoa da haien euskara maila zehaztea. Guraso edo ingurumen euskaldunak ez dituzten guneetan, adibidez, eskola publiko elebiduneko haurren euskara maila ez da handia. Azterketak egiten direla dio Maitiak. Hala ere, eskola publikoan "esperimentazioak" abiatu dituzte, bertzeak bertze Donibane Garazin, Azkainen eta Miarritzen. Ustezko murgiltze eredu hori ama eskoletan baino ez da baliatzen ahal esperimentazio gisa. Ereduak ez du bermatzen laguntzaileak euskaldunak izatea.
Seaskaren murgiltze ereduak berak ez du bermatzen ikasle guztiek ikas-prozesu osoa euskaraz egitea. Aztertzen delarik zenbat haur galtzen diren lehen mailatik bigarrenera, edo kolegiotik lizeora, arazoa nabarmena dela ikusten da. Prozesu horretan eragin nahi du EEPk, baina EGA azterketa gainditzen duten ikasleen jatorriak argi erakusten du gehienak Seaskaren murgiltze eredutik heldu direla. Publikotik heldu direlarik, aitzinetik, usu, lehen maila Seaskan egina dute ikasle horiek.