IPAR EUSKAL HERRIKO IKASTOLAK

Maitiaren ustez, legediaren "interpretazio hertsia" ez da egokia ikastoletako inbertsioak aztertzeko

EEPko presidentearen ustez, epe laburrera gauzatzekoak diren legeen bidez eman diezaiokete aterabide bat auziari. Hiru aipatu ditu, giltzarri gisa: Hezkuntza Legea, deszentralizazioari buruzkoa eta "berrestekoa den eskualde hizkuntzen Eurokarta".

2013ko otsailaren 5a
14:36
Entzun

Frantxua Maitia Euskararen Erakunde Publikoko presidenteak uste du gaur egungo Frantziako legediaren "interpretazio hertsia" ez dela egokia Ipar Euskal Herriko ikastolei lotutako inbertsio proiektuak aztertzeko. Gainera, uste du Baionako suprefetak Hendaiako Herriko Etxeari bidalitako gutunak zabaldutako gatazkari aterabide bat eman diezaioketela "etorkizun laburrean gauzatzekoak diren lege testuek"; horien artean aipatu ditu hezkuntzari buruzko lege ekimena, deszentralizazioari buruzkoa eta "berrestekoa den eskualde hizkuntzen Eurokarta, tokiko aginteei inbertsioen finantzatzeko ahalmena emanez".

Seaskako ordezkariak Paueko Prefeturan izan ziren atzo. Bileran, Baionako suprefetak Hendaiako Herriko Etxeari igorritako gutunak ideki krisiaz mintzatu ziren. Gutun horretan, suprefetak herriko etxeari ohartarazi zion ezin duela Seaskaren ikastola baten eraikina finantzatu, XIX. mendeko Allauxlegean oinarrituta. Horrek arriskuan jartzen du Ipar Euskal Herriko ikastolen sare osoa, Seaskaren ustez.

Bilkuran eginiko proposamenaren berri eman du gaur Maitiak, ohar baten bidez. Ohartarazi du Seaskak "rol estrategikoa" duela "hiztun osoen sortzea helburu duen hizkuntza politikan", eta, testuinguru horretan, "gaurko koadro legalaren interpretazio hertsia" ez dela egokia "ikastoletako egoitzei lotu inbertsio proiektuen aztertzeko".

Estatuko ordezkarien aldetik jarrera "adikorra" eta Hendaiako ikastolarentzat "aterabide baten zentzura joateko zinezko borondatea" nabaritu zuen Maitiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.