Gaur eztabaidatu eta bozkatu dute PPk salbu gainerako taldeek hitzartutako legez besteko proposamena Giza Eskubideen Batzordean. Eta talde sinatzaileen babesarekin egin du aurrera testuak. Sara Majarenas euskal presoa aske uzteko galdegin dute EAJk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PSEk. PPk ez gainerako taldeek onartutako proposamenak dio Izarren osasun psikologikoa aztertu duen medikuak esan duela haurrak "egonkortasuna" behar duela eta familiak inguratuta egon behar duela osatzeko. Hala, EAJk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PSEk galdegin dute haurraren eskubideak errespeta daitezela, aitaren erasoaren ondoren "babesgabe" dagoelako; halaber, Majarenasen eskubideak errespetatzeko eskatu dute, indarkeria matxistaren biktima den heinean. Hori hala, Espetxe Zuzendaritzari eskatu diote "legezko neurriak" har ditzala amaren eta alabaren eskubideak berma daitezen, eta horretarako Majarenasek aske geratu behar duela adierazi dute.
Gaurko eztabaidan, PPko Nerea Llanosek kritikatu du Majarenas aske uztea "bateraezina" dela euskal presoak "gizartearekiko duen zorra" kitatzearekin. Gainera, azpimarratu du Estatuak "gizatasunez" jokatu duela Majarenasekin, baina euskal presoak ez zuela berdin jokatu ETAko kide izan zenean.