Donostiako Danborrada

Makilak prest astelehenerako

Dotore jantzita, konpainia guztietako haurrak bildu dira Haur Danborradaren aurkezpen jaialdian, Donostian.Pailazoek, suhiltzaileek eta Antiguako bertso eskolako haurrek parte hartu dute

Ainhitze Ruiz.
2014ko urtarrilaren 18a
12:12
Entzun

Gurasoz eta seme-alabez bete zen atzo Donostian Viktoria Eugenia antzokia. Guztiak haurren danborradaren aurkezpen ekitaldia hasteko zain izan ziren, urduri. Antzokiko eserlekuetan hainbat ume egon ezinik zebiltzan, baita oihuka eta soinean zeramatzaten danborrak ahalik eta ozenena joz ere, astelehenean soinean eramango dituzten jantzi dotoreekin apainduta, gainera. Batetik bestera zebiltzan haurrak, kirioak dantzan zituztela eta ezin norbere eserlekuan geldi egon.

Gainera, telebista eta egunkarietako hainbat kamera zebiltzan eta euren aurretik pasatzean, atentzioa ematen ahalegintzen ziren. "Hemen gaude, grabatu gu", oihukatzen zuten haurrek. Izan ere, San Sebastian eguna iritsi aurretik, gaztetxoek jaiaz gozatzeko aukera izan zuten atzo, Haur Danborradaren festa egin baitzuten Viktoria Eugenia Antzokian. Hainbat haurrek adierazi zutenez, aste batzuk daramatzate danborradarako entseguak egiten, eta oso urduri daude astelehenerako.

Viktoria Eugenian egindako aurkezpena ez zen nolanahikoa izan. Danbor jotzaile amorratuen doinuak entzuteaz gain, Gari, Montxo eta Joselontxo pailazoak, Axular Dantza Taldea, Eskaut Gia helduen danborradan talde misto bezala erregistratu zen lehenengo taldea, Antiguako bertso eskolako haurrak, EHUko emakumezkoen saskibaloi taldea, Donostiako suhiltzaileak eta beste hainbat gonbidatu izan ziren ekitaldian.

Ekitaldia girotzeko, pailazoek hainbat aldrebeskeria egin zituzten eta danborradako haurrak barre algaraka aritu ziren Gari, Montxo eta Joselontxorekin. Astelehenean danborrada babesten ariko diren Donostiako suhiltzaileak ere izan ziren aurkezpenean. Horiek, soka baten bidez jaitsi ziren antzokiko sabaitik behera antzokian izandako ustezko kea itzaltzera.

Antiguako bertso eskolako haurrek ere hainbat bertso bota zituzten: "Berotu besoak eta prestatu makilak", "egun berezia da donostiarrentzat", "danborraren soinua tarrapatapatan, erritmoa eskuan eta erritmoa hankan", "laster gure kaleetan berriz danborrada, soinua ateratzen saiatuko gara" eta antzeko esaldiak abestu zituzten.

Eskaut Gia danborradaren ekarpena ere izan zuen atzoko aurkezpenak. Horiek beren taldeko koreografia bat dantzatu zuten, beren erritmo bizia agerian utziz. Eurek igoko dute bandera bihar gauean, jaiari hasiera emanez. Ardura handia dutela, baina, gogotsu daudela esan zuten aurkezpenean.

EHUko emakumezkoen saskibaloi taldea, hainbat baloirekin igo zen taula gainera, eta, baloiak eskuetan zituztela, beren abileziak erakutsi zituzten. Horrez gain, aurten lehen mailara igo direla azaldu zuten, eta haur guztiak beren partidak ikustera joatera animatu zituzten.

Aurtengo pertsonaia bereziak

Hainbat gonbidatu izateaz gain, urtero bezala, asteleheneko danborrada zuzenduko duen Danbor Nagusia eta parte hartuko duten pertsonaiak aurkeztu zituzten.

Aurtengo danborrada berezia izango da Aitor ikastolarentzat eta The English School-entzat, horietakoak izango baitira aurtengo pertsonaia bereziak.

The English School-eko Sara Esnal izango da Easo Ederra eta eskola bereko Oihana Etxezarreta, aldiz, Jenerala izango da. Aitor ikastolako Malen Arrieta, Danbor Nagusia izango da.

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak ere parte hartu zuen atzoko aurkezpenean, eta, han azaldu zuenez, danbor jotzaileak izango dira asteleheneko protagonista nagusiak, eta, Donostiaren isla izango direnez, beharrezkoa izango da danborra ongi jotzea. "Gozatzeko eta ongi pasatzeko eguna da, eta buruan eta bihotzean geratuko zaizue bizi guztirako", esan zuen. Horrez gain, batez ere ongi pasatzeko eguna dela azpimarratu zuen: "Oso erreza da zuekin ongi pasatzea, eta, hemen jotzen ari zareten indarrarekin jotzen baduzue, oso ongi joko duzue".

Festa amaitzeko, dominak eta makila banatu zizkieten Easo Ederra, Jenerala eta Danbor Nagusiari. Irribarrez igo ziren danborradan parte hartuko duten pertsonaiak antzokiko taula gainera dominak jasotzera. Eta ondoren, haur danborradan parte hartuko duten 43 ikastetxetako danbor nagusiek San Sebastian Martxa jo zuten, Malen Arrietak gidatuta.

Bi egun baino gutxiago

Astelehen eguerdian abiatuko da haurren danborrada, eta, guztira, 43 ikastetxek osatutako 50 konpainia aterako dira.

Auzoetako eta ikastetxeetako haurrak kontuan izanda, guztira 7.257 haur irtengo dira danborra jotzera San Sebastian egunean. Horietatik 4.635, ikastetxeetako taldeetan irtengo dira. 2.622, ordea, auzoetako elkarteetan.

Donostiako kaleak danbor doinuz betetzeko pare bat egun falta direla, eguraldiak laguntzea da haur guztien nahia.

San Sebastian egunean eguraldi txarra egiten badu eta Haur Danborrada bertan behera geratzen bada, urtarrilaren 26an egingo dute. Eta egun horretan ere eguraldi txarra egingo balu, hurrengo urtera arte ezin izango dute danborrik jo Donostiako eskoletako haurrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.