EGURALDIA. UHOLDEAK EUSKAL HERRIAN

Makina bat arazo eragin du euri zaparrada gogorrak Arabako hiriburuan

Ordu laurdenean metro koadroko 18 litro ur erori eta 100 kilometro orduko haizeak jo zuen

Ivan Santamaria.
GASTEIZ
2004ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Aspaldi ez bezala zigortu zuen ekaitz gogorrak Gasteiz herenegun. Atzo oraindik hiriko toki askotan agerian zeuden zaparradak utzitako arrastoak eta eragindako kalteak. Galtzak bete lan, udaltzainek eta suhiltzaileek ehun ateraldi baino gehiago egin behar izan zituzten.

18:00ak aldera hasi zen ekaitz giroa nagusitzen. Ordubete beranduago zerua erabat ilun zegoen, eta haizeak gogor jotzen zuen. Une batzuetan haize bolada horiek 100 kilometro orduko abiadura gainditu zuten. Laster euria hasi zen, benetan gogor. Esate baterako, 19:40etik 19:55era, ordu laurden horretan, metro koadro bakoitzeko 18 litro ur erori ziren Arabako hiriburuan.Miguel Angel Etxebarria alkateordeak azaldu duenez, estolderiak gainezka egin zuen zaparradaren ondorioz, eta hiriko zenbait puntutan ur putzu handiak sortu ziren.Haizeak egoera gaiztotu zuen. Zuhaitz ugari bota zituen errepide eta espaloitara. Oreitisoloko industrigunean arazo larriak izan zituzten, eta lantegi bateko estalkiaren parte bat (500 metro koadro) eraitsi zuen. Halaber, etxebizitza batzuetako aurrealdeetan eta teilatuetan ere kalteak izan ziren.Bost suhiltzaile talde zeuden mobilizaturik, eta 50 irtenaldi inguru egin behar izan zituzten, eroritako zuhaitz eta adarren ondorioz gehienak. Esaterako, unibertsitate kanpusean eta Ajuria Enea ondoan zuhaitz handiak bota zituen ekaitzak. Udaltzaingoari dagokionez, 22 kide aritu ziren euri erauntsiak sortu zituen arazoak arintzeko operatiboan. 19:00etatik 20:00etara 274 dei jaso zituen Udaltzaingoak.Euriak ere makina bat arazo sortu zituen errepideetan, eta ur putzu handiak sortu baitziren hainbat zonaldetan. Bi tunel itxi behar izan zituen poliziak: Foru kalekoa eta Jacinto Benavente kalekoa. Azken horretan auto bat uretan harrapaturik geratu zen. Era berean, Madril eta Andaluzia kaleak lotzen dituen errepidean urak gainezka egin zuen, eta udaltzainek trafikoa eten zuten tarte batean. Trafikoa hankaz gora jarri bai, baina ekaitzak ez zuen istripu larririk eragin. Ekaitzak iraun bitartean soilik bi auto istripu gertatu ziren, Errege-erregina katolikoen eta Santiago kaleetan. Bestalde, adarrek, zuhaitzek, hesiek eta antzeko elementuek 14 ibilgailutan kalteak eragin zituzten, eta zenbait bizikletatan ere bai. Udalak San Prudentzio kalean dituen bulegoetako laugarren solairuan ere kalteak izan ziren.Suhiltzaileen eta udaltzainen lanak segida izan zuen atzo, antzeko egoerarik errepika ez dadin elementu arriskutsuak ziurtatzen edo kentzen aritu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.