Ez zuten inoiz beren herrialdetik kanpora joatea pentsatu, baina beren puskak maleta batean sartu, eta etxetik urrutira alde egin zuten egun batez. Epe jakin baterako egonaldia eperik gabe luzatu zitzaien azkenean, eta behin-behineko maleta, berriz, bidaide leialena bihurtu. "Jendea maleta bakarrarekin dabil, asko jota birekin, gainean eraman dezakezunarekin; hori da dakarzun bakarra, eta etxez etxe zoaz maleta horrekin. Oso gogorra da urteak joan eta urteak etorri modu horretan ibiltzea". Ongi daki hori Jessica Guzman Correak, hitzon jabeak. Bi urteko egonaldia zuen buruan Txileko sorterria utzi zuenean, baina sei urte daramatza Euskal Herrian. Emakume etorkin askok bezala, adinekoak zaintzen lan egiten du. Orain, "jainkoari eskerrak, luxuzko nagusiak" dituela dio, eta pozik dago bere lanpostuarekin. Baina ez da samurra izan orain arte ibili behar izan duen bidea.
Ezta Brenis Patricia Bermudezena ere. Hondurastarra da, 37 urte ditu, eta orain bost urte iritsi zen Euskal Herrira, bost seme-alabak han utzita. "Nik ere ez nuen inoiz pentsatu bidaiatzea, baina bat-batean zerbait gertatu zen nire bizitzan; dena aldatu, eta hona etorri behar izan nuen". Bost seme-alabak aurrera ateratzeko lan baten beharrak bultzatuta etorri zen. Guzmanek bezala, adineko pertsonak zaintzen ditu, eta pozik dago egun dituen lan baldintzekin, baina ez da beti horrela izan. "Hemen dena arrosa kolorekoa izango dela pentsatuta etortzen zara, baina, zoritxarrez, gero ez da horrela". Iritsi eta laster hasi zen lanean Bermudez. Hainbat herritan aritu zen, baina lanik gabe ere geratu zen. "Zortzi hilabete eman nituen lanik ezin topatuta. Gainera, dokumentazio guztia lapurtu zidaten... gorriak pasatu nituen".
Langabezian ere egon zen Guzman, baita kontraturik gabe lanean ere, orduka. "Lana lotuta etorri nintzen. Oraindik garai onak ziren; berehala egin zenitzakeen paperak, eta halaxe egin nuen. Hiru lan nituen, asteburuetan ere lan egiten nuen... Poz-pozik nengoen, baina pixkanaka gauzak aldatuz joan ziren. Lana eman zidan pertsona lanik gabe geratu zen, eta familia egin behar izan zen zaintzen nuen bikotearen kargu". Beste familia batekin hasi zen orduan, "nahiko egoera zailean egia esan". Baina lanik gabe geratu zen gero, eta ordukako lantxoak baino ez zituen topatu. "Hala lan egitean, kontraturik ez da. Diru aldetik ez nuen arazorik, baina kontraturik ez izatean paperak galdu nituen. Oso gogorra izan zen; hasieran dena ongi, legez neukan, eta lau urteren ostean, bat-batean, ezer gabe gelditu nintzen... nahigabe handia izan zen. Baina tira, pixkanaka, soldata txikiekin aurrera ateratzea lortu nuen".
Seme-alabak eta paperak
Paperik gabe geratzeak sortzen duen izua ongi gogoan du Bermudezek: "Kaletik ibiltzeko ere... Ni, azkenean, migraziokoek harrapatu egin ninduten". Oroitzapen gaziak uxatu nahian, berehala gehitu du: "Zorionez, jainkoari eskerrak, orain baditut paperak, eta hobeto sentitzen naiz". Guzmanen iritziz, "gogorrena da paperik ez duzunean ezin duzula zure herrira bidaiatu seme-alabak ikustera joateko". Hiru ditu Guzmanek Txilen, 20 urtetik gorakoak hirurak, eta haiei unibertsitate ikasketak ordaindu ahal izatea izan zen migratzeko arrazoi nagusia. "Nire herrialdean hezkuntza ez da doakoa, ordaindu egin behar da; beraz, haiei hori emateko etorri nintzen, ez daitezen bidean geratu. Horrek kostu bat du; familia utzi behar izatea da ordaindu beharreko prezioa".
Horregatik, bereziki mingarria zaio Guzmani paperik gabe geratzeak sortzen duen egoera, baita haiek lortzeko hiru urte zain egon behar izatea ere: "Niretzat guztiz bidegabea da lanera datorren andre batek ezkutuan lan egin behar izatea, baldintza guztiz prekarioetan, eta Gizarte Segurantza ordaintzeko aukerarik ez ematea, denek nahi baitute hori, hemen legez egon. Baina hiru urte itxaron behar izatea, ezkutaturik ia, abusuzko lanetan askotan... Kontratua egiteak esan nahi du kaletik lasai ibil zaitezkeela, eta zure herrira bidaiatu ahal duzula zureak ikusteko. Oso gogorra da emakume batentzat seme-alabak txikiak direla han utzi eta hiru urte pasa beharra haiek ikusi gabe... Guztiz bidegabea da". Bermudezek lau urte eta erdi eman zituen seme-alabak ikusi ahal izan gabe. 20 urte ditu helduenak orain, eta 12 gazteenak. Alaba bat Euskal Herrira ekartzea lortu du, baina Hondurasen dira besteak. Haiei buruz hitz egitean baino ez dio dar-dar egiten ahotsak. "Haiek eman didate aurrera egiteko indarra. Ama ezkongabea naiz, eta haiek aurrera ateratzeko gogor borrokatu behar izan dut".
Zarautz, Zumaia, Deba, Donostia, Zestoa... hainbat herritan lan egin dute bi emakumeek, beti adinekoak edo haurrak zaintzen, edo garbiketa lanetan bestela. Egoera oso desberdinetan aritu dira, gainera. Langabezia eta legezko paperik gabe egotea zer den ez ezik, lan baldintza kaskarrak ezagutzea ere egokitu izan zaie biei, esklabotzarekin mugan batzuetan. Atzerritik lan egitera iritsitako emakume askoren bizitzetan sarri errepikatzen diren egoerak dira. "Oro har, Latinoamerikako herrialdeetako andreentzat oso zaila da hona etortzea", dio Guzmanek; "oso mailegu handietan sartzen dira, eta neska gehienek karga handia ekartzen dute; zorrak dituzte, eta lana behar dute haiek ordaintzeko eta familiari laguntzeko. Familia karga batekin etortzen dira asko, seme-alabak, gurasoak, denak han dituztela, eta gurditik tira egin behar dute. Beraz, zu jada presio batekin zatoz; lan egitera zatoz, eta oso gogorra da etorri eta ezer ez topatzea, behar-beharrezkoa duzulako".
Presio horren pean aritzen dira lan bila emakume etorkin asko, eta maizegi "abusuak" topatzen dituzte, Bermudezen hitzetan. "Enplegatzaile guztiak ez dira berdinak, hori argi esan beharra dago; justua denak behar den bezala egiten ditu gauzak". Baina ez da beti hala izaten. "Nik behin halako abusuak jasan behar izan nituen. 24 orduz eduki nahi ninduten han, eta igandetan ordu gutxi batzuk baino ez zizkidaten libre ematen. Hiru hilabete baino ez nituen jasan. 'Nahikoa da', esan nuen. Lanera etorri naiz, baina ez modu horretan". Egun, harro dago muga batzuk jarri izanaz. "Banekien pisu handia nuela gainean, baina ez nuen onartu". Arrazoi ematen dio Guzmanek. "Hona lan egitera etortzen gara, ez esklabotzara, ustez aspaldi desagertu baitzen hori, ezta?". Hala ere, etsipenak jota halako baldintzetan lan egiten dute emakume askok. "Ezer ez topatzearen etsipen horretan, neskak batzuetan edozein lan hartzeko prest egoten dira: atseden ordurik ez, asteburu osoz lan eginez... eta, horrela, edozer gauza onartzeraino. Etxean bertan bizita 500 euroko soldata eta eskubiderik eza onartzera iristen dira batzuk".
Gainera, lan egiten duten etxean bertan bizita, lana galtzean dena galtzen dute hainbatek, baita aterpea ere. "Normalean, etxean bertan bizi den neskari etxe horretan bertan egiten diote errolda, baina etxea uztean errolda kendu egiten da, eta ezin duzu inolako laguntzarik eskatu. Automatikoki kale gorrian geratzen zara. Zerbait aurreztua izatea ez da izaten normalena, zeren seme-alabei bidaltzen diezu dirua, edo hemengo beharrei erantzuteko baliatzen duzu. Beraz, babesgabezia handian geratzen dira emakume asko", dio Guzmanek. Inguruan ikusi ditu horrelako kasuak. Zehaztasun askotan sartu gabe, ezagutzen duen andre batena kontatu du: "Neska hau lau urtez egon zen lanean etxe batean,bertan bizitzen, ezertarako eskubiderik gabe, ezta asteburuetan atseden hartzekoa ere. Lau urtean inoiz ez zioten ez paperik ez kontraturik egin. Zaintzen zuen emakumea hil egin zen, eta ezertarako eskubiderik gabe geratu zen; besterik gabe, agur esan zioten". Beste lan batean aritu zen gero, "gehiegikeria handiak jasaten baita ere. 'Lagunak ekarri nahi badituzu, ekar itzazu hona, baina zu ezin zara etxetik mugitu', esaten zioten, eta literalki etxetik atera ezinik egon zen. Han bost hilabetez egon zen, zor bat zuelako ordaintzeko, eta utzi egin du orain". Emakume etorkinei laguntzeko sortu zen Malen Etxea elkartera jo zuen, eta Zestoan duten etxean eman zioten aterpe. "Neskak ez zuen lorik egiten", kontatu du Guzmanek. "Begizulo handi-handiekin iritsi zen, eta esan zigun berak nahi zuen bakarra ohe bat eta lo egitea zela. Ni asko hunkitu ninduen, ez baita neskato bat, 40 urtetik gorako emakumea baizik".
Egoera benetan gogorra ezagutu behar izan zuen behin Bermudezek bere larruan, maizegi halako lan egoeren atzean ezkutatzen dena: tratu txarrena. "Baserri batean izan zen hura", azaldu du. "Zehatza izan nahi dut: alabez ez dut kexarik, baina emakumearen senarraz eta seme batez bai. Han janaria ukatzen zidaten, batzuetan ezkutuan jan behar izaten nuen, ezin nuen telefonorik ere erabili, ezin nuen telebista piztu... Gizonak jo egin nahi izan ninduen egun batez, baina geldiarazi egin nuen; esan nion, 'ez, hori ez duzu egingo, nahiago dut maleta hartu eta alde egin'". Mespretxua eta umiliazioa topatu zuen erantzun gisa. "Gosez akabatzen zegoen bat nintzela eman zidan aditzera, hemen neukana ez neukala nire herrialdean; nire herrian ez neukana, zoritxarrez, lana zela erantzun nion, eta migratzea ez dela delitua".
Krisiarekin, aldaketak
Halako egoerak, zoritxarrez, entzuten dituzte oraindik ere inguruan. Malen Etxean topatu dute aterpea urteotan emakume etorkin askok. Larri daudenei aurrera ateratzeko oinarrizko laguntza ematen die elkarteak —sei lagunentzako lekua dute—, baina baita hori baino gehiago ere: elkartasun espazio bat da, elkarri entzuteko eta nork bere pozak eta penak besteekin partekatzeko. Krisia hasi zenetik hona sumatu dute aldaketarik. Batetik, orain lehen baino emakume gazteagoak iristen ari direla ikusten dutelako. Kezkatuta dago horrekin Guzman; 51 urte ditu, eta, dioenez, "orain neska oso-oso gazteak" ari dira migratzen. "Lehen, nire adinekoak, helduagoak etortzen ziren, 45 urtetik gorakoak-edo, baina orain 18-20 urte ingurukoak ari dira iristen. Guk beste bizipen batzuk genituen, beste kontzientzia bat, eta uste dut neska hauek are arrisku handiagoan daudela, are zaurgarriagoak direla".
Lan arloan sumatu dute beste aldaketa nagusia. "Orduka garbiketak egiteko lanak topatzea askoz ere zailagoa da orain, lan gutxiago dagoenez euskal emakume asko ari baitira halakoetara jotzen. Etxe batean han bertan bizita lan egitea, berriz, zailagoa da euskal emakume batek egitea, hemen familia izaten baitute normalean... baina bai, sumatzen ari gara aldaketak, murriztu egin da lan esparrua". Lehen, etxeko garbiketetan edo haurrak zein adinekoak zaintzen aritzen ziren oro har; orain, batez ere, adinekoekin soilik, eta erabat bertan. Gizon etorkinen kasuan, lehen ostalaritzan lana topatu ohi zutela dio Guzmanek, baina orain zailago izaten dutela. "Lehen, argi esanda, zuok nahi ez zenituzten lanetara etortzen ginen gu".
Etorkizunera begira, itxaropentsu
Pasatakoak pasata, orain zoriontsu dira bai Guzman bai Bermudez. Biak ari dira lanean, baldintzekin eta nagusien tratuarekin pozik. Bidearen zailak, agian, etorkizunari baikorki begiratzea ekarri die. "Nik ez dut alde iluna ikustea gogoko, eta ikusten dudanean kolorea jartzen saiatzen naiz. Baikorra naiz, denetatik ateratzen da bat", dio Bermudezek. Iritzi berekoa da Guzman: "Jendea ez dago ohituta krisian bizitzera... baina gu horretatik gatoz. Krisian bizi gara gure herrialdeetan, eta berdin-berdin iraun dugu. Hau ere pasako da".
Ez dakite sorterrira itzuliko ote diren. Itzuli nahi ote duten ere ez dute argi. "Nik jada ez dakit hangoa edo hemengoa naizen", dio Guzmanek, "hara joatean hemengoa faltan sumatu izan dut, pentsa!". Haren helburu nagusia da seme-alabek ikasketak amaitzea. "Alabak 23 urte ditu, eta ikasten ari zela haurdun geratu zen. Orain amona naiz, eta orain biloba ere amonaren motxilara dator. 'Motxila guztiarekin gora!', esaten dut nik [barrez]. Edonola ere, haiek ikasketak amaitzea eta gero, nahi duten horretan, beren kabuz moldatu ahal izatea da nire helburua, hezkuntza baita utziko diedan bakarra". Bermudezek ere ez du argi Hondurasera itzuliko ote den. Bere ametsa, ordea, oso argi du: "Seme alabekin batera egotea, hemen".