Anberesen (Flandria) desagertu zen Hodei Egiluz, iazko urriaren 19an, eta Europako Batasuneko Barne komisario Cecilia Malmstromekin bildu dira haren gurasoak. Pablo Egiluz Hodeiren aitak ondoren azaldu duenez, "babes, elkarlan eta ahalegin handiagoa" eskatu dio Malmstromi gaztea bilatzeko lanetan.
Malmstromek "maila altueneko babes instituzionala" eskaini dio sendiari, eta lantalde bat martxan jartzeko konpromisoa agertu dio. Halaber, Malmstromek osatzeke dagoen Europako Batzordeari eskatuko dio ezar dezala protokolo bat desagertutako pertsonak bilatzeko.
Halaber, Pablo Egiluzek azaldu du haren semearen desagerpenarekin zerikusia dutelakoan atxilotutako bi lagunetatik bat aske utziko dutela datozen egunetan, 1.000 euroko bermea ordainduta. Gaineratu du azken asteetan ez dela berririk izan auziaren inguruan.