«Zubieta gelditu, Zaldibar argitu» eta «ez, ez, ez errausketarik ez» oihuek hartu dute Donostia, gaur arratsaldean. Larreko Mahaia taldeak antolatutako manifestazioarekin bat egin dute norbanako eta eragile ugarik. Osasunagatik, ekonomiarengatik eta klimagatik, ez erre etorkizuna! lelopean, Easo plazatik abiatu eta udaletxe ingurura arteko ibilbidea osatu dute, ordubete pasatxoan.
Kantuz egin diote aurre eguraldi eskasari, bide guztian zehar. Manifestazioa hasi baino lehen ahotsa berotzen ari zen Mikel Usabiaga. «Euskal abestiek ere aldarrikapenak egin ditzaketela pentsatzen dugu», azaldu du. Horretarako, erraustegien aurkako hitzekin osatutako paperak banatu dizkiete bertaratu direnei. Zubietako «mamu zahar handia» ez ezik, Zaldibarko (Bizkaia) zabortegiaren luizia ere izan du gogoan. «Guk erraustegia ez piztea eskatzen dugu, eta eztabaida luze eta zabal bat irekitzea, hondakinen azterketa serio bat egiteko».
Arrazoi bertsuengatik joan da Anuk Arregi ere kuadrillarekin Usurbildik (Gipuzkoa) Donostiara. «Erraustegiaren kontra gaude, eta ez zaigu ondo iruditzen egiten ari direna». Arretarik ez dietela jartzen iritzita, manifestazioan parte hartzea erabaki du. «Azken finean, gure osasuna kaltetzen ari dira», ohartarazi du.
Manifestazioan parte hartu ez ezik, antolaketan ere aritu da Joxe Mari Irazusta, eta guztia prestatzen ari da abiatu aurretik. Erraustegiaren aurka dagoela azpimarratu du, «ekonomiaren, osasunaren eta klimaren aurkako norabidean doan azpiegitura bat delako». Egungo hondakin kudeaketa ere kritikatu du, bereziki, Donostiakoa: «Bere burua apain eta ponposotzat dauka, eta adierazpen berde guztiak egiten ditu, baina praktikan gaikako bilketa erabat txarra dauka». Ezin du ekidin Zubietako erraustegia Zaldibarko zabortegiarekin alderatzea: «Ez dugu ahaztu behar istripuak izan direla gutxienez hamalau erraustegitan».
Kaleak igaro ahala, gero eta jende gehiago batu da manifestaziora. «Osasuna bai, errausketarik ez» eta «ez erre etorkizuna» oihuen artean, «jende asko, ezta?» galdetzen zuenik ere egon da. Udaletxe ingurura iristerako, ez zen amaiera ikusten, baina antolatzaileek prest zeuzkaten bozgorailuak, oholtzako mezua nahi zuen orok entzun zezan.
Zaldibarrek presentzia berezia izan du manifestazio guztian zehar, eta baita amaierako ekitaldian ere. Zaldibar Argitu plataformako kideak izan dira lehenengoak oholtzara igotzen. «Oso larria da gure herrian gertatu dena; beraien zaborra erori zaigu buru gainera, literalki».