Manifestazioa debekatu izana salatu, eta beste batera deitu dute Donostian

Prozesuaren alde konpromisoak eta ekarpenak egiteko eskatu dute ekimena babestu duten eragileek

jokin sagarzazu
Donostia
2010eko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalak joan den larunbaterako deituta zegoen martxaren debekuari erantzun diote eragile ugarik, beste manifestazio baterako deia eginez. Ordua biharko jarri dute, 17:30ean, Donostiako udaletxearen aurrean. Eskubide zibil eta politiko guztien alde. Gazteria aurrera! izango martxaren leloa.

Aralar, EA, Alternatiba, Lokarri, ELA, LAB, EILAS, Iratzarri, Ikasle Abertzaleak, Bilgune Feminista eta Askapenak sustatu dute ekimena. Joan den asteko martxaren debekua gaitzetsi dute eragile horiek, baita deitzaileetako bat Auzitegi Nazionalera deklaratzera deitu izana ere. Nabarmendu dutenez, bake eta normalizazio politikoa lortzeko ezinbestekoak dira eragile eta erakunde guztien «ekarpenak eta konpromisoak». Horrako bidean, manifestazioen debekuek ez dutela «ezer positiborik gehitzen» adierazi dute.

Donostian eginiko agerraldi batean Ander Rodriguez Alternatibako batzarkideak eta Laida Elizegi Iratzarriko kideak testu bat irakurri dute. Idatzia sinatu duten eragileek «pertsona ororen eskubideak errespetaraziko diren agertoki baten aldeko hautua» egin dutela gogorarazi dute.

Donostiako hamabost gazteri Auzitegi Nazionalak uztailean jarritako zigorra salatu eta proiektu politiko guztien alde egiteko manifestaziora deitu zuten joan den larunbaterako. Auzitegiak, baina, ekimena debekatu zuen, «terrorismoa goratzeko» arriskua zegoela iritzita.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.