Politika

Manifestazioa egin dute Iruñean azken atxiloketen aurka

Aritz Azkonak eta Mikel Jimenezek Guardia Zibilaren esku segitzen dute.

2008ko urriaren 11
18:47
Entzun
Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak Iruñeko eta inguruko hainbat gazte atxilotu ditu azkeneko bi asteetan, kale erasoetan parte hartu dutela eta Segi gazte erakundeak direla egotzita -Espainiko Justiziak legez kanpokotzat du Segi-, eta operazio horien kontra manifestazioa egin dute gaur Iruñean. 18:00etan hasi da, Iturrama auzoan, atxilotuen senideek deituta.

Lehengo astean Gorka Sueskun, Iker Araguas eta Ibai Azkona atxilotu zituen Espainiako Poliziak Iruñean, eta Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak asteburuan kartzelara bidali zituen, Soto del Realera (Espainia). Gazteek torturak jaso izana salatu dute. Mikel Flamarike ere atzeman zuten orduan, Barañainen (Nafarroa), eta epaileak aske utzi zuen, astero epaitegira sinatzera joateko baldintzarekin eta Espainiako mugetatik ateratzeko debekuarekin. Tratu txarrak jasan zituela zioen Flamarikek.

Joan den astelehenean Iñaki Marin Mercero, Diego Javier Octavio Martikorena, Mikel Marin Irurozki eta Iker Aristu atzeman zituen Espainiako Poliziak Iruñean, eta ostegunean kartzelaratu egin zituzten: Aristu Alcalan (Espainia) eta besteak Soto del Realen (Espainia). Haiek ere torturak salatu dituzte.

Atzo, berriz, Aritz Azkona eta Mikel Jimenez atxilotu zituen Guardia Zibilak, Espainiako Auzitegi Nazionalaren atarian, eta haren esku segitzen dute. Guardia Zibila haiek atxilotzen saiatu zen abuztuaren amaieran, Barañainen (Nafarroa) egin zuen operazioan, baina ez zituen topatu etxean. Inkomunikazioa saihesteko asmoz eta torturatu ez zitzaten, Grande Marlaskaren aurrean deklaratu nahi zuten Azkonak eta Jimenezek atzo. Hitzordua eskatu zuten epailearekin horretarako, baina hark ez zien hitzordurik jarri. Auzitegira agertzeko esan zien soilik. Halaxe egin zuten eta auzitegiaren atarian atxilotu zituzten kaleko arropekin jantzita zeuden guardia zibilek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.