Urrian Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dituzten Iruñerriko 11 gazteek karrikara ateratzera deitu dituzte herritarrak, haien eta herritar guztien eskubide politiko eta zibilen urratzea salatzeko. Eleak mugimenduko kideekin batera egin dute deialdia, datorren urriaren 1erako. Iruñeko Golem zinematokitik abiatuko da manifestazioa, 17:30ean.
Segiko kide izatea leporatzen diete gazteoi, eta bakoitzarentzat hamar urteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak. «Gazte mugimenduko kide izateagatik epaituko gaituzte», salatu du Mikel Flamarikek, urrian Auzitegi Nazionalean epaituko dituzten gazteetako batek. Flamarikek gaineratu du beren kontrako froga bakarra dela beren burua erruduntzat jo izana, «tortura baliatuz». Flamarikek azpimarratu du ez dagokiola Auzitegi Nazionalari erabakitzea Euskal Herriko gazteek antolatzeko eskubidea duten edo ez. «Geldiarazi nahi gaituzte, baina kolpe bakoitzak lan egiteko arrazoi gehiago ematen digu».
Eleak mugimenduak bat egin du urrian epaituko dituzten gazteokin, politika egiteko duten oinarrizko eskubidea urratzen duelako epaiketa horrek. Horixe salatu du Asier Biurrunek. Urriaren 1eko manifestazioa jendetsua eta askotarikoa izatea nahi dute, eta hori lortzeko bilerak eginen dituzte datozen asteotan gizarte eragileekin, bai eta sindikatuetako eta politikaren esparruko eragileekin ere.
Esparza libre, epaia eman arte
Urriaren 1eko manifestazioaren bidez denen eskubide politiko eta zibilak aldarrikatuko dituztela azaldu du Eleak mugimenduko kide Espe Iriartek. «Tamalez, Iruñerriko gazteen kontrako epaiketa ez da eskubide horiek urratzen direla salatzeko dugun arrazoi bakarra», gaineratu du Iriartek. Ildo horretatik, Askapenako hainbat kideren kontrako auzia salatu dute Eleak mugimenduko ordezkariek, batetik. Eta, bertzetik, elkartasuna adierazi diote Josu Esparzari, herenegun Donibane Lohizunen atxilotu zuten Askatasuneko kideari.
Esparza atzo arratsean igaro zen Paueko auzitegitik, eta han eman zioten euroaginduaren berri. Euroaginduaz ebatzi bitartean, gazte iruindarra libre uztea erabaki zuen epaileak.
Manifestazioa eginen dute eskubide politikoen alde
Iruñean izanen da, urriaren 1ean, hilabete horretan Madrilen 11 gazte epaituko dituztela salatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu