Agerraldian, Ibon Altuna abokatuak azaldu ditu auzi honetan agertu diren "irregulartasun eta giza eskubideen urraketa ugariak": taberna batean gertaturiko liskarra "delitu terroristatzat" kalifikatu izana, "salbuespenezko neurria" izan beharko lukeen behin-behineko espetxeratzea ezartzea, Guardia Zibilarekin lotura estua duen epailearen errekusazioa ez onartzea, defentsak aurkeztutako hainbat froga atzera bota izana eta abar.
Gurasoen izenean, Koldo Arnanzek hartu du hitza. Eskerrak eman dizkie Bilboko eragileei "eskainitako elkartasun eta babesagatik", eta aurreratu du saiatuko direla gurasoen ordezkaritza bat Bilboko manifestaziora bidaltzen, eta iragarri du epaiketa hasi baino bi egun lehenago, apirilaren 14an, beste manifestazio bat antolatuko dutela Iruñean.
Bilboko manifestazioaren antolatzaileek nabarmendu dute Altsasuko gazteak eta haien gurasoak ez daudela "bakarrik": "Auzi honetan, gazte batzuen etorkizuna ez ezik, gizarte demokratikoaren oinarriak ere badaude jokoan".