Manifestazioa egingo dute etzi Kukutzaren alde

Hiriburuko zenbait talde sozial, politiko eta sindikalek egin dute gaztetxeari babesa adierazteko deialdia

Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2011ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Errekalde auzoko Kukutza gaztetxea eraitsi izana gaitzesteko, manifestazioa egingo dute ostegun arratsaldean Bilbon, gizarte eragileek deituta. Atzo iluntzean hiriburuko talde politiko, sozial eta sindikal ugari bildu ziren, eta etzi martxa bat egitea adostu zuten, Kukutzaren proiektu kulturalari babesa emateko. 19:30ean abiatuko dira, eta Eusko Jaularitzaren egoitzatik —Jesusen Bihotzaren plazaren ondoan— udaletxera joango da. Kukutzaren ildoari jarraiki, «erresistentzia positibo, sortzaile eta baketsua» egiteko eskatu dute.

Bai iragan asteazkenean, gaztetxea hustu zutenean, bai ostiralean, botatzen hasi zirenean, gizarte mugimenduetatik Kukutzari emandako sostengua berresteko eta gaztetxearen eraispenari «erantzun bateratua» emateko izango da manifestazioa. Jaurlaritzaren eta udalaren jarrera ere salatuko dute, eta Bilboko alkate Iñaki Azkunaren dimisioa eskatuko dute, «zentzugabekeria honetara heltzeagatik». Datozen egunotan emango dute atxikimenduen berri.

Ostegunean, bestalde, Kukutzari buruzko eztabaida bat izango da Bilboko Udalaren osoko bilkuran; Bilduk mozio bat aurkeztu du, besteak beste, gaztetxearen lana aitortzeko.

Kukutza eraikina botatzeko lanetan jarraitu dute asteburuan, abiadura handian. Bilboko Udaleko iturriek jakinarazi dute bi aste iraungo dutela lanek: makinek ezin dute azpiegitura osorik eraitsi, eta parte bat eskuz desmuntatu behar da. Eraikina bota ostean, hondakinak eraman eta lur saila garbitu beharko dute.

Bitartean, elkartasun mezuak jasotzen segitzen du proiektuak. Atzo, adibidez, Getxophoto ekimenaren antolatzaileek Kukutzaren lana goratu zuten: «Gune sozial eta kultural autogestionatu horren alde egin nahi dugu. Beste hiri eredu bat posible delako». Larunbatean, Donostiara heldu zen gaztetxearen aldeko aldarria: bi lagunek Kukutzaren banderak atera zituzten Zinemaldiaren amaiera ekitaldian, eta batek agertokira igotzea lortu zuen.

Kalte materialak, zenbatuta

Ostiralean Kukutzaren eraispenaren kontrako protesten harira hasitako istiluek jarraipena izan dute asteburuan. Larunbat gauean Zazpi Kaleetako kutxa automatiko bat erretzean hasi ziren, eta igande goizera arte zenbait edukiontzi erre zituzten Indautxun, Zazpi Kaleetan eta Uribarrin. Hiru pertsona atxilotu zituzten, suteen egileak zirelakoan; igandean aske geratu ziren.

Bilboko Udalak egindako balantzearen arabera, larunbatetik iganderako gaueko istiluetan bost ibilgailu erre zituzten, eta suhiltzaileek hamabost sute itzali zituzten. Uribarri auzoan izan ziren kalterik handienak, Calixto Legina kalean: edukiontziez gain, lau ibilgailuk ere su hartu zuten; era berean, sutean zuhaitzak eta bestelako hiri altzariak erre ziren, eta errepideak ere kalteak izan zituen. Ostiraletik Bilbon izandako istiluek 140.000 euroko kalteak eragin dituzte, udalaren arabera.

Bestalde, igande goizaldeko istiluotan 52 urteko gizon bat zauritu zen Uribarrin, edukiontzi bateko sutea itzaltzen saiatzean. Bilboko Udalak ontzi bat erretzea leporatu zion hasieran, baina gerora argitaratutako informazioen arabera, edukiontzi bateko garrak ondoan aparkatutako auto batera heda ez zitezen saiatzen ari zenean zauritu zen gizona.

Gurutzetako ospitaleak (Barakaldo) jakinarazi duenez, zaurituak gorputzaren %10ean ditu erredurak, bizkarrean eta eskuetan. Ospitaleratuta jarraituko du, baina bere egoerak hobera egin du, eta zauriek ez dute ebakuntza bidezko tratamendurik beharko.

Herenegun zauritutako gizonaz aparte, asteazkenean Kukutza hustu eta Ertzaintza protestan ari zirenen kontra oldartu zenetik zauritutakoen balantzerik ez dago. Polizien kargen ondorioz min hartu zutenak EAEko Arartekora ari dira kexak bideratzen. Kukutzakoak ere zaurituen testigantzak biltzen ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.