Urtarrilaren 7an Bilbon egingo den manifestazioa atxikimendu ugari jasotzen ari da azken egunetan. Atzo, adibidez, euskal preso ohi talde batek ekimenean parte hartzeko deia egin zuen Barakaldon eginiko agerraldi batean. EHko zinegotzi ohi eta Udalbiltza auzian absolbitutako Eider Casanovak adierazi zuen herritarren mobilizazioa ezinbestekoa izango dela, «euskal presoak Euskal Herriko espetxeetara ekartzeko eta, bidenabar, egoera hori sortu duten arrazoiak gainditzeko».
Urtarrilaren 7ko manifestazioaz gain, eta egun hori iritsi bitartean, Egin Dezagun Bidea-k hainbat ekimen antolatu ditu. Gaur hileko azken ostirala izanik, presoen eskubideen alde Euskal Herriko herri ugaritan antolatutako elkarretaratzeetan parte hartzeko deia egin du. Biharko, berriz, bi martxa antolatu ditu Martuteneko eta Zaballako espetxeetara. Donostian 11:00etan aterako da, Egia auzoko epaitegitik. Araban, berriz, 10:30ean jarri dute ordua, espetxe aurrean.
Debeku eskaera
Dignidad y Justicia elkarteak, berriz, Auzitegi Nazionalari eskatu dio Bilboko manifestazioa debekatzeko. Elkartearen ustez, «baliteke» parte hartzaileek presoen argazkiak erakustea manifestazioan, «eta, ondorioz, terrorismoa gorestea».
Manifestazioan parte hartzeko deia egin dute preso ohiek
Egin Dezagun Bidea ekimenak Martutene eta Zaballako espetxeetara martxak antolatu ditu biharko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu