«Garai politiko berri baten hasiera» izatea nahi du Eleak mugimenduak abuztuaren 13rako Donostian antolatu duen manifestazioa, «eskubide zibilek Sortu legeztatzea, errepresioa amaitzea eta espetxe politika aldatzea ekarriko duten garai politiko bat», alegia. Euskal Herria libre eta legala. Eskubide guztiak guztiontzat lelopean egingo dute manifestazioa, eta horretan parte hartzeko deia egin die Eleak-ek herritarrei.
Joxean Agirre Eleak mugimenduaren bozeramaileak azaldu du «berme demokratiko guztiak dituen bakezko eta askatasunezko garaia» izan behar duela manifestazioak, «pertsonak eta haien eskubideak festetako lehen mailako protagonistak izaten hasteko».
Bulebarretik 17:00etan abiatzekoa zen manifestazioa hasiera batean. Baina La Perla paretik hasiko da, Herrizaingo Sailaren aginduz. Hala ere, Okendo plazan amaituko da manifestazioa, aurreikusita zegoen bezala.
Horrez gain, Agirrek azaldu du pertsonen izenak siglekin lotuta agertzen direla «askotan», baina Eleak mugimenduak «pertsonen ekarpena» bilatzen duela, eta, horregatik, manifestazioa babesten duten pertsonek «modu pertsonalean» egiten dutela. Deialdia babesten dutenen artean daude, esaterako, Mikel Izagirre Ezker Batuko batzarkide ohia, Jesus Uzkudun CCOO sindikatuko militantea, Ernesto Merino Aralarko kidea, Ainhoa Aznarez PSNko kidea, Ainhoa Mujika gaztea eta Xabier Isasi Gaindegiko kidea.
«Erabateko legeztatzea»
«Gatazka gainditzeko ahalegina eraginkorra izan dadin», euskal herritarren «oinarrizko eskubideak» bermatzeko aurrerapen «zehatzak» sustatuko ditu Eleak mugimenduak. Horrela, ikasturte hasierarekin Sorturen «erabateko legeztatzea» eta ezker abertzaleko antolakundeen aurkako «etengabeko erasoari» amaiera ematea «premiazkoa» iruditzen zaio mugimenduari.
Bozeramailearen arabera, «pertsona guztien eskubide zibil eta politikoen esparruan ezer gutxi aurreratu da azken hilabeteetan», eta, haren ustez, «doktrina antiterroristaren zabalpenaren, Auzitegi Nazionaleko epaiketen, ikur eta argazkien jazarpenaren, ekitaldi politikoen debekuaren, errepresioaren erabilpenaren, legez kanporatzeen eta espetxe politikaren ardatzak betikoak dira».
Hori dela eta, «zorigaiztoko legez kanporatzeen hamarkadaren oinordeko diren epaiketa politikoen» amaiera eskatu du Eleak-ek, baita auzipetuta dauden pertsonen «absoluzioa» ere.
ETAk kaleratutako azken komunikatuari dagokionez, berriz, mugimenduaren iritziz, «ETAk hasitako bidean sakontzeko erakutsi duen asmoa eta Gernikako Akordioari egindako adierazpena garrantzitsuak dira». Hala ere, Eleak-ek dio erabaki horrek ez duela «salbuesten» gatazka gainditzeko eta jokaleku politikoaren normalizazioa lortzeko Espainiako Gobernuak dituen erantzukizunetatik.
Agirreren esanetan, «gatazkaren ondorioz samina pairatu duten pertsonen sufrimendua onartzea garrantzitsua izanik, are bidezkoagoa da inor bazterrean ahaztuta ez uztea».
Beste esparru bat
Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako hauteskunde orokorretarako PSOEko hautagai nagusiak azken egunetan egindako adierazpenei erantzunez, ezker abertzaleak prentsa ohar bat kaleratu du. Horretan dio Rubalcabak «koherente» jokatu nahi badu Sorturen legeztatzea «bultzatu» beharko lukeela, eta, «beste esparru» bati ateak zabalduz, Espainiako legediaren «inposizio eta betoari» amaiera eman beharko liokeela demokrata «oso» gisa.
Ezker abertzaleak, horrez gain, adierazi du Espainiako ordenamendu juridikoak «ezinezkoa» egiten duela proiektu independentista «gauzagarri» izatea.
Manifestazioarekin «garai politiko berri bat» hastea nahi du Eleak-ek
Abuztuaren 13an Donostian egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin die herritarrei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu