Manifestaziora deitu dute epaiketa politikoak salatzeko

Eragile ugariren babesa jaso dute Segiko kide izatea egotzita Auzitegi Nazionalak zigortutako 15 gazte donostiarrek

Erredakzioa
Donostia
2010eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Proiektu politiko guztien defentsan... Inkomunikaziorik ez, epaiketa politikorik ez leloa hartuta, azaroaren 6an manifestaziora deitu dute gazte mugimenduan lan egiteagatik Espainiako Auzitegi Nazionalak zigortu berri dituen Donostiako hamabost gaztek. Donostiako Bulebarrean hasiko da manifestazioa, 17:00etan. Segiko kide izatea egotzita, sei urteko espetxe zigorra, denbora horretan sufragio pasiborako inhabilitazioa eta beste sei urtean kargu edo lan publikoak izateko inhabilitazioa jarri die Auzitegi Nazionalak. Gazteek prentsaurreko batean salatu dute «Euskal Herriaren askatasunaren alde» lan egiteagatik atxilotuak, epaituak eta espetxeratuak izango direla.

Gizarte eragile eta alderdi politiko ugarik babestuta agertu dira gazteak komunikabideen aurrera. Ezker abertzalea, EA, Aralar eta Alternatibako ordezkariak ez ezik, LAB, Hiru, ESK, Lokarri, Askapena, Eguzki eta Ikasle Abertzaleak taldeek ere elkartasuna agertu diete. Euskal Herriaren alde lan egiteagatik azken urteotan gazte ugari atxilotu eta espetxeratu dituztela salatu dute prentsaurrekoan. Hala, gatazkaren konponbiderako aukerak zabaltzen ari diren unean, «bidegabekeriak» eteteko eskatu dituzte.

Auzitegi Nazionalaren epaia «astakeriatzat» jo dute, epaitutako hamabost lagunetako inor Segikoa zela esateko frogarik ez dela aurkeztu eta defentsaren argudio bat bera ere ez duela onartu nabarmenduta. Inkomunikazio aldiko deklarazioak nahikoak izan dira zigortuak izateko, haien ustez. Hori horrela, epaiketa erabat politikoa izan dela salatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.