Josu Uribetxeberria preso arrasatearra berehala askatzeko eskatuko du Herrira mugimenduak larunbatean, Arrasaten egingo den nazio manifestazioan. 17:30ean abiatuko da Arrasateko plazatik, Josu askatu, 14ak Herrira lelopean, eta Herrira-k bertara joateko deia egin die herritar eta eragileei. Instituzio, alderdi eta agintariei, berriz, eskatu die eskura duten guztia egiteko «tragedia eta sufrimendua dakarren espetxe politika hau bukatzeko».
Espainiako Gobernuari gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak askatzeko ere eskatu zion Herrira-k, igandean egindako agerraldian: «Euskal preso politikoei oinarrizko eskubideak urratzen zaizkie, baita bizitzaren beraren eskubidea ere». Izan ere, Uribetxeberriaren osasuna «atzera bueltarik gabeko» egoerara heldu dela ohartarazi dute mugimenduko kideek, «saihets zitekeen arren». 2005ean ere minbizia diagnostikatu zioten presoari, eta 2006an baldintzapean aske uzteko eskatu zuen arren, ukatu egin zioten eskaera. Joan den uztailaren 19an, Leongo ospitalera eraman zuten, egun batzuk ondoezik igaro baitzituen. Orduan, bi nodulu topatu zizkioten buruan eta biriketan Uribetxeberriari, eta larunbatean metastasia zuela jakinarazi zuen Etxerat elkarteak. «Josu hiltzera zigortu dute», esan zuten; halaber, salatu zuten urte guztiotan osatzea galarazi diotela espetxeko bizi-baldintzetan edukita.
Presoari ukatua diote baldintzapean aske gelditzea, eta oraineskaera hori berritzeko lanetan ari da Uribetxeberriaren defentsa, aste honetarako espero duten mediku txosten bat gehituta. Zigorra bertan behera uzteko ere eskatuko diote zigortu zuen epaimahaiari.
Manifestaziorako deia, Uribetxeberria askatzeko eskatzeko
Larunbatean egingo du manifestaldia Herrira-k, Arrasaten; metastasia topatu zioten presoari joan den ostegunean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu