euskal herria

Manifestaziorik gabeko pankarta Espainiako segurtasun indarren alde

Iruñean, atzo, bertan behera utzi zuten Espainiako segurtasun indarren alde deituriko manifestazioa, dozena bat lagun baizik ez zirelako agertu.

Golem zinema aretoen parean atzo 18:30ean bildutakoak. JAGOBA MANTEROLA, ARGAZKI PRESS
2014ko irailaren 22a
10:55
Entzun

"Herriaren babesa senti dezaten. Herriak maite dituela jakin dezaten", zioen manifesazioa iragartzeko afixak. Ez babesik eta ez maitasunik, ordea. Atzoko Iruñean Espainiako segurtasun indarren alde deitu zuten manifestazioa bertan behera geratu zen. Bertan behera, ez eguraldiagatik, ezta inork oztopatu zuelako ere. Bertan behera geratu zen dozena bat lagun baino ez zirelako agertu, argazkian ikusten denez.

Boyhood filma hastekoa zen ordu horretan ondoan, Golem Baiona zinema aretoetan. Hamabi ikusle baino gehiago izango ahal zituen. Terrorismoaren Biktimen Nazioarteko Elkarteak deitu zuen manifestaziora egun batzuk lehenago; afixan ziotenez, "Nafarroako herritarrekin batera".

Deialdian, gainera, UPN, PSOE (sic), PP, UPD, DNE, Vox, Espainiako Poliziako sindikatuak, Guardia Zibila, Udaltzaingoa, Foruzaingoa eta biktima elkarte eta kultur elkarteak gonbidatu zituzten manifestazioan parte hartzera.

Pankarta atera ere ez zuten egin

Oharrean gaineratu zuten gonbidapenari baiezkoa erantzun ziotela Terrorismoaren Biktimen laguntzarako eta Bizitzaren Aldeko Elkarteak, Derecha Navarra y Española eskuin muturreko alderdiak eta Nafarroaren Identitatearen Aldeko Kultur Elkarteak. "Beste alderdi eta elkarteen erantzunaren zain gaude", zioten.

"Ez daitezen inoiz joan Euskaditik eta Nafarroatik". Atzo, 18:30ean dozena bat lagun horiek pankarta atera ere ez zuten egin, deialdiak izan zuen arrakasta ikusita. Argazkilariek ikusi ere ez zuten egin, baina bai, ordea, bildu ziren horietako batek eskuan zuen kartoizko kaxa. Joandako bidetik itzuli ziren, kartoizko kaxa eskuan, pankarta atera ere egin gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.