atxiloketa

Manu Azkarate libre geratu da, goizean Poliziak Ziburun atxilotu ostean

Preso ohia etxean atzeman dute, Espainiako Auzitegi Nazionalaren euroagindu bat tarteko, bi zigor bete gabe dituelakoan. Justiziaren zaintzapean izango da.

2012ko martxoaren 7a
20:34
Entzun

Frantziako Poliziak Manu Azkarate Ramos (Tolosa, 1963) euskal preso ohia atxilotu du Ziburun gaur 10:30ean, baina arratsaldean libre laga dute, zaintzape judizialean. Efe berria agentziak zabaldu du Espainiako Auzitegi Nazionalak haren aurkako euroagindua eskatu duela, bi zigor bete gabe dituelakoan, eta Baionako auzi Poliziak atxilotu duela, etxean. 

Azkarate Ziburun bizi da orain dela zenbait hilabetetik. 1986an 51 urtera kondenatu zuten, hainbat delitu leporatuta, eta urte horretan kartzelaratu zuten, urtarrilaren 16an. 1992ko abenduan baldintzapeko askatasuna lortu zuen, gaixotasun kroniko baten zuela eta —hesteetako gaixotasuna dauka—.

2004an askatasuna baliogabetu zioten, eta berriro espetxeratu zuten, Martuteneko espetxera lagun bat bisitatzera joan zenean. Manifestazioen eta mozioen bidez, Azkarateren askatasuna eskatu zuten herritarrek eta hainbat eragilek. Epaileak pultsera telematikoa jartzea eskatu zuen, baina hori ekiditea lortu zuen Azkaratek. 2004ko ekainaren 17an aske utzi zuten. Orduan ezarritako baldintzak hautsi izana leporatzen diote.

Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak azaldu du Azkaratek bi atentatutan parte hartu zuela Bizkaian. Batetik, Portugaleten Alberto Aznar Felix teniente koronelaren aurkako erasoan parte hartzea leporatzen diote, eta, bestetik, Galdakaon Juan Enriquez Criado, Francisco Javier Fernandez de Lajusticia eta Manuel Asensio Pereda hil ziren erasoan parte hartzea egozten diote.

ETAk jardun armatuaren amaiera iragarri zuenetik hamasei lagun atxilotu dituzte, ETArekin harremana dutelakoan, Europa Press berri agentziaren datuen arabera.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.