Hego Euskal Herriko mapa politikoa goitik behera aldatu dute udal eta foru hauteskundeek. Nafarroan UPN-CDNk gehiengo osoa galdu du bai foru parlamentuan eta bai hiriburuko udalean, eta Nafarroa Bai bigarren indarra da bi erakundeotan, PSNren aurretik. Gipuzkoan ustekabea PSE-EEren gorakada eta EAJren beherakada izan dira, batzar nagusietan ordezkaritza bera izango duten arren. Araban ere ordezkari kopuru bera izango dute PSE-EEk eta EAJk, PPk baino bat gutxiago, baina alderdi popularrak zail izango du Foru Aldundiaren gidari jarraitzea, eta are zailago Gasteizko alkatetzari eustea, PSE-EE nagusitu baita hiriburuan. Bizkaian gertatu dira aldaketa txikienak, EAJk nagusitasunari eutsi baitio bai batzar nagusietan eta bai Bilboko alkatetzan. Ezker abertzalea, bereziki Gipuzkoan, udal erakundeetara indarrez itzuli dela da atzoko beste albistea, EAE-ANVren zerrendak legezkoak izan diren zenbait herritan lehenengo indarra baita, hala nola Hernanin, Arrasaten, Oiartzunen, Eskoriatzan, Usurbilen edota Pasaian.
Abstentzioaren handia izan da eguneko beste albistea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ia %40kora heldu baita oro har, duela lau urte baino ia hamar puntu gehiago. Nafarroa salbuespena izan da, gobernurako lehia estuak sortu duen interesagatik, parte hartzea %75etik gorakoa izan baita.
ALTERNATIBARAKO AUKERA. Gobernu alternatiboa osatzeko moduko emaitzak lortu dituzte Nafarroa Baik, PSNk eta Ezker Batuak, hiruen artean 26 eserleku baituzte, gehiengo osoa hain zuzen, UPNk (22) eta CDNk (2) baino bi gehiago. NaBai botoetan nagusitu egin zaio PSNri, baina biek legebiltzarkide kopuru bera ateratzeak erraztu egin dezake, Patxi Zabaletak iradoki izan duen bezala, hala ere lehendakaritza Fernando Purasi eskaintzea. Iruñean Uxue Barkosi alkatetza emanez operazioa biribiltzeko aukera izan dezakete, baina EAE-ANVk lortutako bi boto erabakigarriak beharko dituzte horretarako.
Irungo Ogasuneko auziak eta Jon Jauregiren hautagaitzaren inguruan gertatuak eragin nabarmena izan dute Gipuzkoan, EAJren aspaldiko emaitza txarrenetan, PSE-EEren eta boto baliogabeen azpitik geratu baita alderdi jeltzalea batzar nagusietarako bozetan. Dena den, PSE-EEk adina batzarkide lortu izanak eta EAren eta EB-Aralarren emaitza onek -7 batzarkide batak, 6 besteak- bideragarri egiten dute Eusko Jaurlaritzako hirukoa (gehi Aralar) Gipuzkoako Foru Aldundira eramatea, gehiengo osoa izango bailukete hiruen artean (29 batzarkide, 51tik). Bizkaianere gehiengo osoa izango luke hirukoak.
Araban bestelakoak dira zenbakiak. Hirukoa (gehi Aralar) gehiengo osotik urruti legoke (18 batzarkide, 51tik), baina PSE-EE eta PP norbere aldetik joanda baino gehiago badira, 14 eta 15 baitituzte hurrenez hurren. EAJk eta PSE-EEk bat eginez gero, noski, gehiengo osoa ziurtatuko lukete Araban, baita Gipuzkoan eta Bizkaian ere.
SOZIALISTAK GORA. Indar politikoen artean, alderdi sozialistak egin du gorakada orokor esanguratsuena, duela lau urteko emaitzekin alderatuta. Gora egin du PSE-EEk hiru batzar nagusietan, batez ere Gipuzkoan, eta, apalago bada ere, baita PSNk ere Nafarroan. Gasteizko udalean nagusitu egin da gainera, lehenengoz aldiz historian, eta Patxi Lazkoz alkate izateko bidean da. Eta lehendik zituzten alkatetza esanguratsu gehienei eutsi egin diete.
Zeharo bestelako joera izan du PPk, herrialde guztietan egin baitu behera, alderdi sozialistak gora egin duen neurri bertsuan: bina batzarkide galdu ditu Bizkaian eta Gipuzkoan, eta batzarkide bat Araban. Arabako batzar nagusietan lehenengo indarra izaten jarraitzen duen arren, zail izango du Foru Aldundiko aginteari eustea. Alfonso Alonsok Gasteizko alkatetza galdu izanak are txarrago bihurtzen dituzte, gainera, PPren emaitza orokor kaskarrak.
Inkesten aurreikusi baino emaitza hobeak izan ditu azkenean EAk bakarrik aurkeztuta, bereziki Gipuzkoan: koalizioarekin baino ordezkaritza txikiagoa izango du batzar nagusietan, baina zazpi batzarkiderekin indar erabakigarria izan daiteke, diputaziorako gehiengoak osatzeko jokoan. Araban eta Bizkaian oso ordezkaritza apala lortu du, eta Bilboko udaletxetik kanpo gelditu da. Alkatetza esanguratsu batzuei eusteko moduan da (Zarautz, Deba eta Amurrio, esate baterako), beste batzuk galdu ditu (Legazpia eta Bermeo), eta ustekabea eman du Gernikan nagusituta.
EB-Aralar koalizioakduela lau urte bi alderdiek lortutakoa baino emaitza hobea izan dute Gipuzkoan (4tik 6ra) eta Bizkaian (3tik 4ra), baina apalagoa Araban (3tik 2ra), botoetan gora egin gabe hala ere, biak batuta barruti gehienetan ordezkaritza lortzeko gutxienekora heldu direlako handitu baitute, batik bat, ordezkaritza.
EZKER ABERTZALEAREN BOTOAK. Indartsu itzuliko da ezker abertzalea hainbat udal erakundeetara, bereziki Gipuzkoan. EAE-ANVren zerrendak legezkoak izan diren herritan izan ditu emaitzarik onenak, baina boto baliogabeen kopuruak ere esanguratsuak izan dira herrialde guztiietan. Gipuzkoako batzar nagusietarako bozetan, boz baliogabeak (72.880) EAJren botoen gainetik gelditu dira, eta PSE-EEren azpitik.Bizkaian, EAE-ANVren botoak eta baliogabeak batuta, laugarren indarra litzateke, 72.000 ingururekin. Araban 17.000 boto inguru lirateke ezker abertzalearenak (EAE-ANV gehi baliogabeak), eta Nafarroan 17.000tik gora izan dira baliogabeak. Ia 180.000 boto lortu ditu, zenbaketa honen arabera, ezker abertzaleak.
Mapa politikoa goitik behera aldatu dute hauteskundeek
Sanzek gehiengo osorik ez du, NaBai PSNri nagusitu zaio, Gipuzkoan PSE-EEk irabazi du, eta Araban PPk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu