Hobien mapa hobitik atera du Nafarroako Gobernuak. 36ko gerran eta frankismoan hildako pertsonak non hobiratu zituzten mapa batean biltzeko agindua denbora luzez izan du mahai gainean, eta PSNk ardura hartu zutenean bultzada eman zioten gaiari. Gobernu akordioa hautsita, ordea, geldialdian sartu zen auzia. Webgune batean jarri du mapa UPNren gobernuak, baina horren berri ez du eman orain arte hedabideetan. Mapa kaleratuta, gaia itxitzat jo du gobernuak, esanez "benetan zaila" izango dela garatzen segitzea. Oposizioak aurkakoa eskatu dio: segitzeko gai horretan lanean.
Eskura jarri duten mapan denera 1.257 pertsona hobiratuta non dauden zehaztu dute, eta 118 hobi komun topatu dituzte. Asko dira gorpu bat edo bi dituztenak, baina tartean badaude pertsona asko hil eta batera lurpera sartu zituztenak ere: Gaztelugibelen, Iruñean, adibidez, 298 gorpu hobiratu zituzten. Informazio gehiago ere batu dute hilketa haiei buruz; Gaztelugibelen, jendaurrean fusilatzen zituzten herritarrak, goizean goiz, 06:00etan. Han hil zituzten hirian ezkerreko alderdietan aritzen ziren asko eta asko. Izenak bildu dituzte kasu batzuetan. Nabarmentzekoa da Iruñerrian bertan, Lizarrerrian eta Erriberan topatutako hobien kopuru handia.
Erabat amaitu gabeko lana da, nolanahi ere. Kasu batzuetan mapan bertan adierazi dute hobiak topatu bai baina oraindik ez dakitela barruan zenbat pertsonaren gorpuak egon daitezkeen. Edonola ere, lan hori bukatutzat jo du Javier Morras Justizia kontseilariak: "Erabat amaituta dago mapa, eta kontsultatzeko moduan".
PSN zegoela egindako lana
Izatez, ez dute orain bukatu. Joan den ekainean, memoria historikoaren alde ari diren elkarteei aurkeztu zieten mapa hori bera, eta iragarri zuten jendaurrean jarriko zutela eskuragarri. PSN zen garai hartan gobernuan, eta Roberto Jimenezek zuen Justizia Departamentuaren ardura. Hautsi zen gobernu koalizioa, eta maparen berririk ez zen izan handik aurrera. Justizia Departamentuan bertan galdera eginda, azaldu dute hilabete batzuk badaramatzala sarean —12.000 bisita izan dituela zehaztu dute—, baina aitortu dute hedabideetan ez dutela eman horren berri. "Webgunean ikusteko moduan dago, eta memoria historikoarekin lanean ari direnak jakinaren gainean jarri genituen".
Morrasi galdera egin zion PSNk parlamentuan, nolatan denbora behar izan duten mapa sarean jartzeko ekainerako eginda bazegoen eta zergatik ez duten horren berririk zabaldu. Gorabehera teknikoak hartu zituen ahotan hark: "Lan bereziak egin behar izan dira mapa egiteko eta kaleratzeko". Gainera, nabarmendu du nekeza dela mapak osatzeko zeregina: "Informazioa lausoa da; askotan, ahoz emandakoa eta zehaztugabea. Alor horretako taldeekin aritu gara, herritarren laguntzaz".
Eta orain zer? Maparen ondoren zer pauso egin ez du zehaztu kontseilariak; areago, lan hori ez dagokiola iradoki du. "Nahi duenak eta lan egin nahi duenak hor du beste lan tresna bat, izan ikertzailea eta zuzeneko kaltetua. Gizarte sare zabala dago Nafarroan. Aurrerapen handia egin dugu". Azalpenak ematean, frankistak aipatu ere egin gabe aritu da Morras. Beste esaldi batzuk erabili ditu agerraldian: "Gure historiako pasarte penagarri hura", "Hizpide ditugun gorabehera negargarri haiek" eta era horretakoak.
Memoria historikoaren alorrean lanean jarraitzeko eskatu dio oposizioak gobernuari. Jimenez, PSN: "Gauza asko falta dira zer gertatu zen argitzeko. Mapa osatu behar da". Victor Rubio, Bildu: "Gatazkak gainditzeko, behar dira egia, justizia eta erreparazioa. Egiarako pauso bat da mapa, baina dinamikoa behar du izan". Patxi Zabaleta, NaBai: "Argitu behar da zeren arabera egiten dituen exhumazioak gobernuak".
UPNk hitzik ez lanean segitzeaz. Begoña Sanzberro: "Lan ona egin da maparekin, guztiok partekatzen dugun historia negargarri hari buruz". Morrasek argitu du herritarren ekarpenak aintzat hartuko dituztela. "Baina oso zail izango da deus gehiago topatzea".
Hobien mapa eta bildu duten informazio osoa ikusteko, jo webgune honetara: fosas.navarra.es