Atxiloketak

Marcel Etxeandik polizia etxean jarraitzen du

Marcel Etxeandi Belokeko (Ahurti, Lapurdi) moje beneditarrak atxilo jarraitzen du Baionako polizia etxean. Etxeandiri buruzko informazioen inguruan nahasmen handia ibili da: atzo iluntzean aske geratu zela zabaldu zen Frantziako Poliziak berak hala iradokita; gero jakin zen Baionako polizia etxera eraman zutela, baina gauerdian askatu zutela esan zen ondoren. Gaur goizean, berriz, Baionako Poliziako iturriek argitu dute oraindik atxilo jarraitzen duela, eta beste 24 orduz hala egongo dela.

2005eko otsailaren 12a
13:23
Entzun
Hain zuzen ere, gaur eguerdian erabaki du Poliziak Etxeandiren atxilotze aldia 24 orduz luzatzea, polizia judizialeko iturriek Espainiako 'Efe' albiste agentziari jakinarazi diotenez. Iturri horien arabera, Etxandik ez die poliziei beren lanean "laguntzen", eta horregatik luzatu diote atxilotze aldia.

Frantziako Laurence Le Vert epaileak agindu zuen Etxandi atxilotzeko, ETAko ustezko buruzagi preso Mikel Albisurekin harremana izan dutelakoan. Halaber, Lazkaoko (Gipuzkoa) beneditarrenkomentuko artxibozain Juan Joxe Agirrerekin gauza bera egiteko. Guardia Zibilak atxilotu zuen Agirre, eta, halaber, komentua eta hango liburutegi eta artxibategi handi eta oparoa miatu zituzten. Hala ere, arratsaldeko lau eta erdiak alderakargurik gabe aske geratu zen Agirre, ofizioko abokatuarekin hamar minutuz deklaratu eta gero.

Belokeko monasterioan ere miaketa handiaegin zuten, eguerdi eta erditan hasi eta arratsaldeko zazpiak arte. Etxeandi ez ezik, beste zenbait fraide ere galdekatu zituzten, besteak beste, abadea eta harreran lan egiten duten mojeak. Mikel Albisurekin eta haren kontrako operazioan atxilotu zituzten beste lagunekin zerikusia zuten galderak egin zizkieten guztiei.

Izan ere, Le Vert epaileak fraide biei leporatzen zien Albisuren 'mezulari' lanak egitea. Aske geratu eta gero, Agirrek azaldu zuen ETAren agiriak jasotzen dituela, baina ez dakiela nork igortzen dizkion. Dokumentu horiek artxiborako jasotzen dituela zehaztu zuen, "bihar historia izango baitira". Izan ere, Lazkaoko beneditarren komentuko artxibategia Euskal Herriko historia politiko garaikidearen agiritegi handi eta aberatsena da Agirrek egindako lanari esker. 70.eko hamarkadatik mugimendu politiko eta sozial guztiekin zerikusia duten agerkari eta agiri guztiak bildu eta artxibatzen ditu.

Bisitari asko izaten ditu artxibategi horrek, batik bat, doktore tesiak eta unibertsitate ikerketak egiten ari den jendearenak, Euskal Herrikoak zein atzerrikoak.

Etxandik 73 urte ditu, eta euskal kulturaren arloan lan handia egina da: euskararako itzulpegintzan, erritoen azterketan, etnologian, filosofian... Agirrek 75 urte ditu, eta esan bezala, Euskal Herriko historia politiko garaikideari buruzko artxibategirik handiena egituratu du.

Haserrea

Hainbat erakunde, agintari eta politikarik adierazi dute azken orduotan haserrea Agirre eta Etxandi atxilotu dituztelako. Bereziki haserre agertu da Pierre Moleres Baionako gotzaina Frantziako Poliziak afera honetan izan duen jokaeragatik. Izan ere, Etxandi atxilotu zutela-eta, atzo arratsaldea Beloken igaro zuen gotzainak, eta hari ezer esan gabe, inori horren berririk eman gabe, atzeko atetik aterata eraman zuten fraidea atxilotuta Baionako polizia etxera.

Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak, berriz, Agirreren atxiloketa kritikatu du, eta horrelako ekintzak bake giroa sortzeko kaltegarriak direla nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.