Ezer ez zen zirudiena. 2014ko abenduaren 10eko goiza: Atxondoko (Bizkaia) Zuhaitz zerrategiak su hartu du. Langile batzuk sartu dira, eta Benito Quintairos, lantegiaren jabea, aurkitu dute, hanketatik zintzilik. Askatu dute, artatu dute, eta Galdakaoko ospitalera bidali dute. Zauri arin batzuk dauzka gizonak, eta eskuak eta hankak lotuta zeuzkan aurkitu dutenean.
Ikusi gehiago
Quintairosen koinata bat etxera joan da, Abadiñora, gizonaren emazteari abisua ematera. Sartu da etxean, eta bere ahizpa (Mari Luz Alejo Rodriguez) eta ama (Amelia Rodriguez Sardon) hilda aurkitu ditu, beren oheetan. Ematen du etxean tiradera batzuk eta miatzen aritu direla, baina ez da ezer falta.
Quintairos, bitartean, atera da ospitaletik, eta ertzainek eraman dute atxilotuta. Gizon batzuk lantegian sartu direla, jo egin dutela, eta lekuari su eman diotela esan du. Ez du asko iraungo gezurrak; aurki aitortuko du berak hil dituela bi emakumeak, eta gero antzerki bat antolatu duela lantokian, koartada segurtatu asmoz.
Ezer ez zen zirudiena. Mari Luz Alejo jubilatu berria zen, 58 urterekin, Abadiñoko enpresa batean 42 urtez lanean aritu ondoren; uztail hartan utzi zuen lana. Quintairosek, senarrak, 55 urte zituen garai hartan, eta lanean jarraitzen zuen bere lantokian, baina zor handiak zituen. Emazteari mailegu baterako diru eske ari zen aspaldian, baina Alejok ez zioen eman nahi.
Alejoren ama, berriz, egun haietan etorri berria zen Palenciatik (Espainia); familiarekin pasatu nahi zituen Gabonak.
Abenduaren 10 hartan 06:30ean esnatu zen Quintairos. Aurreneko hitza, berriro, emazteari dirua eskatzeko egin zuen. Berriro ukatu zion andreak. Orduan bere planari ekin zion gizonak, pentsatua zuen bezala. Burdinazko barra batekin kolpatu zuen emaztea buruan; baina ez zuenez hil, maindireekin eta mantekin ito zuen. Handik altxa, beste logelara joan, eta gauza bera egin zuen amaginarrebarekin. Barra hori propio hartua zuen, eta latexezko eskularruak jantzi zituen bi emakumeak hiltzeko. Burdinazko barra kamioi batera bota, eta lantokiko antzerkia antolatu zuen segidan.
Handik laster oraindik eta ageriago gelditu zen ezer ez zela zirudiena. Maitale bat ere bazuelako Quintairosek. Emakume horrek azaldu zuen haurdun zegoela. Quintairosek bere emaztea eta amaginarreba hil baino astebete lehenago jakinarazi zion berria maitaleak.
Epaiketa handik bi urtera egin zuten. Epaileak 40 urteko zigorra jarri zion gizonari; hogei urtekoa, amaginarreba hiltzeagatik, hemeretzikoa emaztea hiltzeagatik, eta beste urte bat, lantokian eragindako kalteengatik. Ezer ez zen zirudiena, baina agerian gelditu zen azkenean.