Zeresana eman du Maria Elosegi legelaria (Donostia, 1957) Giza Eskubideen Europako Auzitegirako epaile aukeratu izanak. Izan ere, harreman homosexualen kontrako jarrera argia agertu du Elosegik azken urteetan argitaratu dituen liburuetan eta egin dituen adierazpenetan. Azken urteetan egin dituen adierazpenetan "generoaren araberako sexu harremanak" defendatu ditu.
El rostro de la violencia. Más allá del dolor de las mujeres [Indarkeriaren aurpegia. Emakumeen minetik harago] liburuan "generoaren araberako sexu harremak" defendatu zituen Elosegik, 2002an. Haren esanetan, fideltasuna da bikotearen zoriontasunerako baliorik garrantzitsuena, eta harreman homosexualak balio horretatik urrunago kokatzen ditu harreman heterosexuak baino. Harreman homosexualak "askoz ere konpultsiboagoak" dira Elosegiren iritziz, eta "bikote kopuru handi bat izatera darama".
Elosegik ziurtatu du gaixotasun sexualak eta "patologia psikosexualak" handitu direla harreman homosexualekin lotzen duen promiskuitatearen ondorioz.
Opus Dei elkarteari lotutako Almudi.org webguneak argitaratu zuen elkarrizketan, Elosegik adierazi zuen gizakiaren genero identitatea ez dagoela determinatuta haren sexu biologikoarengatik. Aldiz, ez du uste aukera guztiek onura bera dutenik. "Jokabide sexuala beren sexu biologikoaren arabera eraikitzen dutenek jokabide orekatu eta osasuntsua izango dute, eta haien biologiaren kontra aritzen tematzen direnek hainbat patologia garatuko dituzte. Hori argi dago".
"Zenbait ideologiak" genero kontzeptua "manipulatu" dutela ere salatu izan du. Aceprensa aldizkarian 1995ean argitaratu zuen Dos sexos, ¿cuántos géneros? [Bi sexu, zenbat genero] artikuluan, ukatu egitn zuen generoa eta sexua erabat bereiztu daitezkeela. "Nire iritziz, kontu bat da jarduera batzuk berdin egin ditzaketela gizonek eta emakumeek, eta beste bat sexu identitate eta pertsonalitate neutroak existitzea. Pertsona bere gorputzarengandik banaezina da, eta, beraz, izaki sexuatua da, beti bere sexuaren araberako ezaugarriak garatzen dituena".
Bestalde, Elosegik "biztanleriaren kontrolerako" politika publikoak kritikatu ditu, abortua barne. 1999an argitaratu zuen La pildora de cinco años después artikuluan [Bost urte ondorengo pilula], NBEk neurri horien aldeko jarrera agertu izana salatu zuen eta "feminismo erradikala" bere egin izana leporatu zion. Idatzi berean, Elosegik gaitzetsi egin zuen pobretutako herrialdeetan adingabeen hezkuntza sexuala sustatzeko erabakia, eta nabarmendu zuen gurasoei dagokiela nerabeei bizitza sexualari buruz aholkatzea.
La incultura no es laica [Ezjakintasuna ez da laikoa] artikuluan, berriz, ukatu egin zuen legez kanpoko abortuak legezkoak baino hildako gehiago eragiten dituenik.
Elosegik Parot doktrina indargabetzeko erabakia babestu zuen, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak neurri hori hartu zuenean.
2013tik, arrazismoaren eta intolerantziaren kontrako batzordeko kidea da Europako Kontseiluan.
Erakunde horren Parlamentu Batzarrak Giza Eskubideen Europako Auzitegirako epaile aukeratu zuen, asteartean. 144 aldeko botorekin gailendu zituen Jose Martin y Perez de Nanclares eta Francisco Perez de los Cobos Espainiako gainontzeko hautagaiak. 2026ra arte izendatu dute Estrasburgoko auzitegiko kide.