Iruzurra Osakidetzan

Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendari nagusiak dimisioa eman du

Juan Luis Diego Casals izendatu dute haren ordezko. Irregulartasunak salatu zituzten Osakidetzaren azken lan eskaintza publikoan, eta azken egunetan eztabaidagai izan da gaia Eusko Legebiltzarrean. Hautaketa sistemak berrikusi egingo dituztela iragarri zuen Jon Darpon Osasun sailburuak, baina oposizioko taldeei ez zitzaien nahikoa iruditu.

Maria Jesus Mujika, uztailean, oposizioen gaiaren harira egindako agerraldi batean. FOKU
2018ko azaroaren 15a
07:09
Entzun

Ezohiko batzarrean onartu dute Osakidetzako zuzendariaren dimisioa, eta Juan Luis Diego Casals izendatu dute haren ordezko, Osakidetzak berak ohar bidez jakinarazi duenez. Duela bi urte izendatu zuten Mujika, eta tarte horretan egin duen lana eskertu du Osakidetzako Administrazio Kontseiluak; "erakutsi duen ardura eta konpromiso leiala" nabarmendu du.

Irregulartasunak salatu zituzten Osakidetzaren azken lan eskaintza publikoan —guztira, 19 espezialitatetan egin zituzten salaketak sindikatuek—, eta Eusko Legebiltzarrean ere eztabaidagai izan dute gaia azken egunetan. Astelehenean, esaterako, "ardura politikoak" eskatu zizkion EH Bilduk Jon Darpon Osasun sailburuari. Osakidetzako profesionalak aukeratzeko sistema berrikusi egingo duela iragarria zuen Osasun Sailak; Giza Baliabideetako Zuzendaritzaren egituraketa aldatzea, eta kontratazioan espezializatutako unitatea sortzea proposatu zituzten, besteak beste.

Oposizioko taldeei ez zitzaien nahikoa iruditu, ordea. Ikerketa bat behar dela esan zuen, adibidez, Rebeka Ubera (EH Bildu) legebiltzarkideak: "Erantzukizun politikoak orain onartu behar dira. Lehenbailehen egin beharrekoa da eta ez dugu gehiago itxarongo". Uztailean erregistratu zuten eskaera hori ofizialki.

Horrez gain, zuzendaritza berritzea ere eskatu zuen EH Bilduk. Zehatzago hitz egin zuen PPk, bere aldetik: Maria Jesus Mugika Osakidetzako zuzendariaren dimisioa eskatu zuen. Hala gertatu da.

Talde politikoek ez ezik, sindikatuek eta langileek ere kritikatu dute iruzur salaketen ondoren Osakidetzak zein Osasun Sailak egindako kudeaketa. Hala esan zuten, esaterako, BERRIAk elkarrizketatutako hiru medikuk: "Oposizioen gaia tabua da orain Osakidetzan".

Diego Casals, zuzendari berria

Juan Luis Diego Casalsek hartuko du orain Mujikaren tokia. Lehendakaritzako koordinaziorako zuzendaria da gaur egun, eta ibilbide luzea du administrazioan. Euskalduna da, Deustuko unibertsiatatean Zuzenbidean lizentziatua, ekonomiako espezialitatean. 1984an hasi zen lanean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean, aholkulari juridiko gisa. 1986an Presidentzia Sailean sartu zen —oraingo Lehendakaritza—, eta aholkulari lanetan aritu zen 1999ra arte. EITBko zuzendari kudeatzaile izan zen ondoren hamar urtez, eta Bizkaiko Foru Aldundian eta Jaurlaritzan jardun du azken urteetan.

Alderdi eta sindikatuen erreakzioak

Dimisioaren berri izan ondoren, EH Bilduk kritikatu du "makillaje hutsa" dela gaurko erabakia. Uberaren esanetan, horrek ez du konponduko Osakidetzako egoera "kaotiko eta jasanezina", eta kritikatu du salaketak izan ziren unean ez zutela behar besteko "irmotasunez" jokatu: "Berandu izan arren, erantzukizun pertsonalak beren gain hartu dituzte kaos honengatik, baina auzia ez da makillajea egitea, aurpegi bat besteagatik aldatzea. Kontua da Osasun Saileko politikak eta Osakidetzan nagusi den eredua aldatzea".

Elkarrekin Podemosek ere ez du uste dimisioa "nahikoa" denik: "Berandu dator". Iruzurrari buruzko ikerketa "amaieraraino" eramateko eskatu du, eta Jon Darpo Osasun sailburuaren disimisioa eskatu du berriz ere, "arduradun politiko gorena" bera dela iritzita.

EAJk, berriz, "errespetua" agertu dio Mujikari, eta nabarmendu du Osasun Sailak eta Osakidetzak jarrera "arduratsua" izan dutela lan eskaintza publikoan izandako irregulartasunen ondoren. Gaineratu dutenez, hautaketa sisteman egindako aldaketak egokiak izan dira aurrerantzean lan eskaintzetako probak "berme guztiekin" egin ahal izateko.

PSEk ziurtatu du ez dakiela zein diren dimisioaren arrazoiak, eta azalpenak Osasun Sailak eman beharko dituela azaldu du. Sozialisten kezka lehengo bera dela esan dute: "Berme guztiekin amaitzea prozesu hau, eta hurrengo deialdiak hobetzea".

PP, aldiz, "konforme" agertu da Mujikaren dimisioarekin, baina Osakidetzan "norabide aldaketa" beharrezkoa dela uste du. Laura Garrido legebiltzarkideak azaldu duenez, gaurko erabakiak agerian utzi du "kudeaketa txarra" egin dela erakundean, eta "larria" dela egoera.

Sindikatuek ere eman dute iritzia. ELAren ustez, Darpon sailburua mantentzeko "sakrifikatu" du Iñigo Urkullu lehendakariak Osakidetzako zuzendaria. Dena den, dimisioak "aitortza" bat da Eusko Jaurlaritzaren aldetik, sindikatuaren arabera: "Honek esan nahi du Eusko Jaurlaritzak aitortzen duela filtrazioak eta irregulartasunak egon direla". Bide beretik jo du ESK sindikatuak ere. Haien esanetan, "hesi" bat jarri nahi izan dute horrela, Osakidetzako lan eskaintza publikoko aferak EAJri eta Darpon sailburuari eragin ez diezaion. Ikerketa "sakon eta independentea" eskatu dute.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.