POLITIKA

Maria Solana kargugabetzea eskatu du UPNk, Twitterreko mezu batengatik

2011n idatzi zuen txioa Nafarroako Gobernuko bozeramaileak, AHTaren kontrako ekintzaileek Barcinari emandako tartakaden harira.

Maria Solana, gobernuko eleduna. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
Ion Orzaiz.
2016ko irailaren 13a
17:27
Entzun

Nafarroako Gobernuko bozeramaile berriak kargua onartu eta egun gutxira, hura kargugabetzea eskatu du UPNk. Arrazoia, mezu hau: "Aupa Mugitukoak, Barcinari kanpaina gozatzen". 2011. urtean idatzi zuen Maria Solanak txio hori Twitter sare sozialean. Garai hartan, EAJ eta Nafarroa Baiko kidea zen Solana, eta ez zuen bestelako kargu politikorik.

UPNko presidente Javier Esparzarentzat, ordea, mezu horrek "ezgai" bihurtzen du Solana, kargu publiko bat izateko. "Nik ez nuke nire gobernuko bozeramaile izendatuko indarkeria gaitzesten ez duen pertsona bat", esan du Esparzak. 2011ko txio hori oinarri gisa hartuta, Solanak "arerio politikoaren kontrako eraso bat txalotu" egin zuela ondorioztatzen du buruzagi erregionalistak. Are gehiago: Solanaren txioak "gorrotoa eta ezinikusia" sustatzen dituela gaineratu du, eta berehalako kargugabetzea eskatu du.

Hala ere, egun hartan Solanak idatzitako txio guztiak irakurriz gero, argi gelditzen da politikari nafarra Mugituren ekintza kritikatzen ari zela, Barcinarentzat mesedegarria zelakoan.

Geroa Bai-k Solana babestu du

UPNk Solanaren 2011ko txio batzuk "manipulatu" eta "politikoki erabili" izana kritikatu du Geroa Bai-k. Ohar batean, UPNri eskatu dio "etengabe dimisioak eskatzeari utz diezaiola eta oposizio arduratsu eta eraikitzailea egin dezala". Geroa Bai-ren iritziz, "tamalgarria" da UPNk zalantzan jartzea Maria Solanak "indarkeria mota oro arbuiatu" egiten duela, eta gogorarazi du Geroa Bai-k berak gaitzetsi zuela Barcinari emandako tartakada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.