Ohikoa da Euskal Herriko hauteskundeetan Madrildik hainbat politikari etortzea. Kanpaina hasieran Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusia izan zen Barakaldon (Bizkaia), larunbatean, Pili Zabala lehendakarigaiarekin mitin batean. Igandean Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia izan zen Gasteizen, Idoia Mendiarekin. Ez dira bakarrak izango: Mariano Rajoy Espainiako jarduneko presidenteak iragarria zuen behin gutxienez etorriko zela, eta gaur jakinarazi du, behin ez, hiru aldiz izango dela kanpaina egiten datozen egunetan. Lehen bisita Bilbora egingo du, larunbatean, PPko iturriek Efe albiste agentziari jakinarazi diotenez. Gasteizen kanpaina amaieran egongo da, itxiera ekitaldian.
Galiziako hauteskunde kanpainan egon da jada Rajoy, eta gaur Kongresuan mintzatu da hango eta hemengo hauteskundeez. Alfonso Alonsoren ibilbidea goraipatu du. Esan du hautagai "bikaina" dela, eta bere proiektua "egonkortasunarena eta zentzutasunarena" dela. "Konstituzioa eta euskal herritarren eta espainiar guztien eskubide eta askatasunak defendatzen ditu", gaineratu du.
Edozein kasutan Euskal Herrira gehien etorriko dena Albert Rivera Ciudadanoseko burua izango da; guztira sei aldiz izango da kanpainan Rivera. Garbi dago Ciudadanosek lurralde horretan duela bere itxaropena jarria, Gasteizen beste bitan egongo baita. Bilbon bi aldiz izango da, eta Donostian, behin. Rajoy bezala, Pedro Sanchez ere guztira hiru aldiz egotekoa da Euskal Herrian. Iglesias ez da gehiagotan etorriko, baina Kataluniatik Ada Colau eta Xavier Domenech ekarriko ditu Podemosek.