Kutxabankek ia 3,3 milioi euro banatu zituen iaz bere goi arduradunen artean. Horietatik 1,49 milioi euro dagozkie administrazio kontseiluko kideei. Ia milioi bat hiru kutxetako buruen artean banatu zuten: 515.000 euro irabazi zituen Kutxabankeko eta BBK-ko lehendakari Mario Fernandezek, 317.000 euro Kutxabankeko lehendakariorde eta Kutxako presidente Xabier Iturbek, eta 137.000 euro Carlos Zapatero Vitaleko lehendakari izandakoak (orain Fernando Arangiz Vitaleko presidente berriak ordezkatuko du). Aurten soldata %10 jaitsiko du Fernandezek, eta 463.000 euro kobratuko ditu.
Beste milioi erdi bat administrazio kontseiluko kide diren beste hamabi lagunen artean banatu zuten. EAJk eta PPk hautatutako kide horien artean dago, esaterako, Josu Ortuondo Bilboko alkate ohia. Azken horiei dieta gisa ordaindu ohi zaie.
Administrazio kontseiluan eseritzen ez diren beste bost buruzagiek 1,847 milioi sakelaratuko dituzte. Hauek dira: Ignacio Sanchez-Asian banku negozioko zuzendaria eta haren bi albokoak —Jose Alberto Barrena eta Fernando Martinez Jorcano—, Maria Alicia Vivanco Parte Hartzeen zuzendaria, eta Francisco Javier Garcia Kontroleko eta Barne Auditoriako zuzendariaren albokoa.