Maritxu Jimenez (Psikologoa): "Nork bere identitatea suntsitzea lortu nahi da bakartzearekin"

Euskal presoekin egindako lan batean oinarrituta, psikologoak dio bakartzeari aurre egiteko tresna onak direla gauza txikiak baloratzea eta bizipenak partekatzeko gaitasuna izatea.

Ainhoa Sarasola.
2013ko uztailaren 28a
17:07
Entzun

Espainiako kartzeletan diren euskal presoei osasun arreta egokia bermatzeko lanetan hamahiru urte daramatza Maritxu Jimenez psikologoak (Bilbo, 1974). Hasierako urteetan espetxez espetxe jardun zuen denbora osoz, eta gerora, bulego propioa zabaltzean, askotariko kasuak artatzen hasi zen, baita preso ohienak ere. Hala ere, espetxeetara bisitak egiten jarraitzen du, garai batean hartutako konpromisoari jarraiki, hainbat euskal presoren konfiantzazko psikologo gisa. Bakartzeak zer nolako ondorioak utz ditzakeen ezagutzera eraman du eskarmentu horrek. Eta argi du, euskal presoen kasuan, "errepresio tresna" gisa erabili ohi den neurria dela: "Norbere identitatea suntsitzea da bilatzen dena".

Bakartzea ezartzeko era asko eta oso ezberdinak dauden arren, bakartzeaz orokorrean hitz egitean psikologoak argi du neurri horrek eragin kaltegarri ugari izan ditzakeela pertsonarengan. Espetxeratzeak berarekin antsietate maila bat dakarrela dio Jimenezek, "baina egoera muturrera eramanda, esaterako, isolamendua ezarriz, antsietate hori larriagoa bihur daiteke, brote psikotiko bat edo depresioa eragiteraino". Edonola ere, eragin hori "pertsona bakoitzaren araberakoa» izango da, eta «bere aurreko esperientziek baldintzatuta" egongo da beti.

Zergatik izan daiteke bakartze hori hain suntsigarria? Gizakion garapen prozesuan dago erantzuna, Jimenezen ustez. Haren hitzetan, jaiotzean amarekin bat eginda bizi da haurra, bat bailiran, urtea bete artean gutxi gora behera. Pixkanaka, bere autonomia garatzen doa, eta ondo bidean, nerabezaroan autonomia edo askatasun nahi handiagoa sumatuko du. "Bi gauza agertzen dira batera: jakinmina batetik, eta bakardadearekiko beldurra bestetik. Pertsona helduak hori menperatuta izaten du, eta hala, zenbaitetan bakardadea beharko du, baina baita izaki sozial gisa besteekin harremanak izatea ere". Prozesu horretan oztopoak topatzeak arazoak sor ditzakeela dio, horregatik dutela eragina aurretiko esperientziek. Norberak bilatua ala kanpotik ezarria den, hortxe egoten da gakoa. "Bakardade bilatua gerta dakizukeen gauzarik onenetarikoa izan liteke, baina bilatua ez bada, baita okerrenetariko bat ere".

Azalpenok pertsona heldu eta osasuntsuez mintzatzeko balioko lukete, baina ezberdina da egoera bakartzea buruko eritasunen bat duen pertsonari ezartzean. "Oso kaltegarria izan daiteke, bakartze egoerak gaitz batzuk kronifikatzea eragin baitezake". Oso larritzat du, halaber, adingabekoei ezartzea: "Pentsatu behar da halako neurri batek identitatea suntsitzea bilatzen badu, atzerabueltarik gabeko eraginak izan ditzakeela adingabeengan, identitatea eraikitzen ari baitira oraindik".

Dena den, faktore askok eragin dezakete bakartzearen ondorioetan, pertsonarengandik hasi eta bizi duen egoeraraino, horren aurrean hartzen duen jarrera barne. "Konpartitzeko gaitasuna izatea garrantzitsua da; adibidez, denbora asko bakarturik dagoen pertsona batek baina bisitak dituenak, tarte horietan bizi duena konpartitzeko gai izateak lagun diezaioke". Egoera horretan den presoak "mundu alternatibo bat eraikitzeko gaitasuna izateak" ere lagun diezaioke —esaterako, ilusio bat izateak eta indarrak horretan jartzeak—, "jakinda beti ere fantasia bat eraikitzen ari garela egoera jakin horri aurre egiteko, tresna gisa", errealitatearekin nahastu gabe. Ildo horretan, "gauza txikiak baloratzeak" ere garrantzia du, Jimenezen esanetan. Kartzelaren esku dagoelarik, hainbat gauza ez direla presoaren esku egongo, baina beste batzuk bere kontrolpean egon daitezkeela ere pentsatu behar da, eta norbere esku dauden horietan jarri beharko dira indarrak. "Preso politikoen kasuan, garrantzitsua da jakitea zer bilatu nahi duten baliabide horiekin. Hori argi izanik, egoerari aurre egiteko beste ikuspegi bat izan dezake presoak".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.