Gaur izan da Bidegi auzia ikertzeko ikerketa batzordearen bigarren saioa Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Aurreko aldundiko ordezkariek hitz egin dute; tartean, Eneko Goia eta Markel Olano. Josu Bergara Bizkaiko ahaldun nagusi ohiak ere parte hartu behar zuen ikerketa batzordean; ustezko irregulartasunetan nahastutako enpresa bateko kidea da hura. Baina azken orduan telefonoz jakinarazi du ez dela bertan izango.
Markel Olanok hartu du hitza, eta gezurtatu egin ditu irregulartasunak; Bildu gezurretan ari dela salatu du, eta helburu politikoekin lotu du afera. Eneko Goiaren arabera, ezker abertzalearen estrategiaren ondorio da ikerketa batzordea. "Akatsak dauden edo ez ez dakit. Baina argi dut egin gabekoengatik ez zela ordaindu", adierazi du.
Aralarrek salatu du enpresarekin hitzarmen bat zegoela, eta agiriak faltsutu zirela. "EAJk zerbait jaso zuen?", galdetu du.
Gaurkoarekin amaituko dira agerraldiak. Hurrengo hitzordua, ostiralean: oinarrietarako oinarrizko dokumentua aurkeztuko dute.
Aldundiak, teknikariek eta eraikitzaileek eman zituzten azalpenak lehen saioan, joan den ostiralean. Bidegiri buruzko ikerketa batzordeko lehen lekukotasunek frogatu dute ez dagoela sinatu adina lur eremu horretan. Gaia ikertu duen perituaren esanetan, «maltzurkeriaz» egin zituzten oker ziurtagiriak; ildo beretik jo du Larraitz Ugarte diputatuak. «Ziurtagiriak faltsutu egin zituzten». Enpresa eraikitzaileen arabera, Basagoitin ez, beste eremu batzuetan dago falta den lurra.